'Herriko tabernen' auzia

Barraren atzean, kezka bikoitza

101 herriko taberna konfiskatzeko agindua berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Gipuzkoako 34 herriko zigortu dituzte, eta bederatzi absolbitu. Langileengan eragin nabarmena luke itxierak: dozenaka lagun langabezian geratuko lirateke.

'Orkatz Libre' globoak Azpeitiko herrikoan, epaia jakin ondoren. ENERITZ ALBIZU
Maite Alustiza.
2015eko ekainaren 26a
18:41
Entzun

Herriko tabernetako ordezkariek irmo salatu dute Espainiako Auzitegi Gorenak eman berri dien epaia: herrikoak konfiskatzeko erabakia "lapurreta" da, "jazarpen historia luzearen beste katebegi bat". Joan den astean plazaratu zuen erabakia, duela urtebete Auzitegi Nazionalak esandakoaren ildotik: herriko tabernak konfiskatzeko erabakia berretsi, eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die hogei laguni, kargu publikoetarako inhabilitazioarekin batera.

Erabaki horrek izango dituen ondorioak salatu zituzten larunbatean herriko tabernetako ordezkariek, Zarautzen. Auzo eta herrietako espazio irekiak izan dira herrikoak hamarkadetan, herri mugimenduaren bilgune eta hamaika ekitaldi antolatzeko plaza. Horrez gain, "dozenaka" langile lanik gabe geratuko lirateke itxierarekin, horrek dakartzan albo ondorioekin. Gipuzkoan, 34 dira konfiskatzea agindu duten herrikoak. Azpeitiko Orkatz, Donostiako Herria eta Zarauzko Arranoko ordezkariekin hitz egin du Gipuzkoako Hitza-k.

XABIER OTAMENDI. Azpeitiko Orkatzeko langilea
"Itxierak gurasoen etxera bueltatzea ekar dezake niretzat"

Sanjoanak zituzten joan den larunbatean Urrestilla auzoan. Jai giroan ibili ondoren, asko izan ziren erdigunera bildu zirenak: "Badaezpada, jendea Orkatzera etorri zen azken tragoa hartzera". Orkatz herriko tabernako barraren beste aldean ari zen lanean Xabier Otamendi (Azpeitia, 1988), Auzitegi Gorenaren erabakia jakin eta bi egunera.

Astegunetan bi zerbitzari aritzen dira lanean, eta beste lau aste bukaeretan —festak direnean denak aritzen dira—. Horiekin batera, egunero aritzen den garbitzaile bat dute. Euren artean antolatzen dituzte txandak: astegunetan batek ireki eta besteak ixten du, eta hurrengo egunean alderantziz. Asteburuetan, berriz, aurreikuspenen arabera jokatzen dute. Garbitzailea izan ezik, gazteak dira gainerako langileak, 23-30 urte bitartekoak. Guztiek, Orkatzeko lana bakarrik dute. Otamendiren kasuan, modulu bat ikasten aritu da orain arte, eta taberna ixteak beste lan batean bila hastea ekarriko lioke, gainontzekoei bezala. "Itxierak gurasoen etxera bueltatzea ekar diezadake".

Azpeitiko Erdi kalean dago Orkatz, "poteorako eta parrandarako tokian". Otamendik dioenez, parranda asko jaitsi den arren, ohiko taberna bat da jende askorentzat: "Mugimendu asko dabil; Orkatzen beti dago jendea". Auzitegi Gorenaren erabakia jakin zutenetik, "espekulatzen" dabiltza gertatuko denaren inguruan, zain: "Itxiera orain izan daiteke, edo hemendik bi hilabetera". Bien bitartean, orain arte bezala lanean jardungo dute, eta, itxiera iritsiko balitz, beste bat irekitzea beharrezkotzat jo du Otamendik: "Nola oraindik ez dakigu, baina herriko taberna batek Azpeitian egon behar du".

Asteartean, 22 urte bete zituen Orkatz kultur elkarteak. Otamendik dioenez, zerbitzariek ere parte hartzen dute ekitaldiak prestatzen, baina badago talde bat bereziki horretaz arduratzen dena; boluntarioak dira guztiak. Ebazpenak ebazpen, 22. urteurreneko ekitaldiekin jarraituko dute aurrera. Gaur, 22:30ean, bertso saioa eskainiko dute Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Eneritz Artetxek; bihar, 10:00etan hasita, pala txapelketa, batzarra, bazkariak eta Egurra Ta Kitto eta Oliba Gorriak taldeen kontzertuak izango dira; igandean, 18:00etan, erromeria egingo dute Elizagoien ahizpekin.

JOXEAN CATALAN. Donostiako Herria-ko arduraduna
"Denok galtzen dugu pila bat; bakoitzak barrutik darama"

Herriko tabernak konfiskatzeko erabakia berresteak "kezka bikoitza" eragin du Donostiako Herria-ko langileen artean. Joxean Catalan arduradunak (Donostia, 1961) dioenez, batetik, herrikoa bera ixteak esan nahi duena dago, eta, bestetik, langileen etorkizuna: "Denok galtzen dugu pila bat, bakoitzak barrutik darama, eta ez da momentua esateko bakoitzaren egoera nola geratuko den. Denoi eragiten digu modu batean edo bestean".

Bost langile finkok egiten dute lan Herria-n; urte osoan, hala ere, "estra dezente" izaten dituzte, eta zazpi lanpostura iristen dira. Edozein tabernak bezala funtzionatzen dute: zehaztuta dituzte ordutegiak, oporrak... Asteburuetan pilatzen zaie lan gehien; edariez gain, mahaiak ere badituzte ogitartekoak, plater konbinatuak eta abarrak emateko.

Adinari dagokionez, 30-50 urte ingurukoak dabiltza herriko tabernaren barraren atzean. Herria dute lantoki, eta, beraz, ixteak langabezian geratzea ekarriko lieke. Langileentzat ez ezik, inguruarentzat ere "kolpe handia" litzateke itxiera. Donostiako Parte Zaharrean dago Herria, Ikatz kalean: "Erreferente bat galtzea litzateke, bai auzokoentzat, donostiarrentzat eta bai kanpotik heltzen direnentzat ere".

Catalanek gogoratu duenez, urte osoan ere ekintza ugari antolatzen dituzte, kultur elkartea izaki. Egutegia "betea" dute urte osoan: ehun lagunetik gorako danborrada ateratzen dute, Herriaren Memoria jardunaldietan futbol, mus, pala eta pilota txapelketak egiten dituzte —300 lagun inguru aritzen dira—; auzoko jaietan ere parte hartzen dute...

Albistearen ondorenak kanpoan harrapatu du Catalan; dena den, harremanetan da, eta badaki abokatuekin bilerak egiten ari direla. Gainontzekoek bezala, ordea, ez daki itxiera noiz irits daitekeen: "Ez dakigu ez noiz ez nola. Eskutitz bat bidaliko duten, zigilatuko ote duten..." Lokala itxiz gero, aurrerantzean ere lanean jarduteko indarrez da Catalan, oztopoen gainetik: "Orain arte zaila baldin bazen, zailagoa izango da gero, baina hori tokatu zaigu, eta oraingo honetan ere aurrera egingo dugu".

JUANJO IRIBAR. Zarauzko Arranoko lehendakaria
"Arranon 25 urte egin dituenak zail izango du beste lan bat aurkitzea"

Zarauzko Arrano herriko tabernaren jarduna ondo baino hobeto ezagutzen dute langileetako batzuek. Ibilbide luzea egina dute han: 25, 12 eta 8-9 urte lanean daramatzate. Bederatzi pertsona dira lanean, lanaldi osoan bi, eta gainerakoak zatikako kontratuekin. Juanjo Iribar Arranoko lehendakariak (Zarautz, 1960) azaldu duenez, uztailean eta abuztuan izaten dute lan gehien "herri turistikoa izanda"; langile gehiago hartzen dituzte orduan. Gainerako urte sasoietan, larunbatetan dabil mugimendua gehienbat; ostiral gauetan apur bat, eta, eguraldiaren arabera, baita igande eguerdietan ere.

Langileen erdiak gazteak dira; badira 40 eta 50 urtetik gorako batzuk ere. Udan hartzen dituztenak, esaterako, ikasleak dira; besteek, lan bila hasi beharko lukete itxierarekin. Eta ez da erraza izango: "Hemen 25 urte egin dituenak, esaterako, zail izango du beste lan bat aurkitzea". Kezkatuta daude, datorrena nolakoa izango den jakin gabe.

Ez dakite noiz, ez nola, baina ez dute espero itxiera hurrengo egunetan izatea. "Errekurtso bat dago, tramite kontuak; eta gero, udan, nahiko paralizatzen dira halako gauzak". Udan, beraz, lan egin ahalko dutela uste du Iribarrek; irailetik aurrera, ordea, mugimenduren bat egon daitekeela dio: "Hauteskunde orokorrak hor daudela... Pentsatzen dugu saiatuko direla bizkortzen".

Herriko paisaia fisikoaren parte bakarrik ez, paisaia kulturalaren parte ere bada Arrano, Iribarrentzat. Dioenez, jarduera ugari antolatzen dituzte urte osoan; ez bakarrik jarduera politikoak, baita kulturalak ere. Horrez gain, euren lokaletan egoitza dute abesbatza batek eta txistulari talde batek. "Galera handia izango litzateke; lokalak leku egokian daude, eta horiek ordezkatzea zaila izango da". Ixteak, beraz, beste lokal bat bilatzea ekarriko luke taldeontzat, baita Arranon antolatzen dituzten kultur ekitaldiak bertan behera geratzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.