Aralarren Batasunari Euskal Herriaren aniztasuna jasotzea eskatu zion atzoko bileran, eta Barrenak hori egiteko prest daudela nabarmendu du. "Jakina baietz. Euskal Herriaren aniztasuna gauza argi bat da, eta aniztasuna ez da babestu behar den gauza bat, baizik eta sustatu egin behar dena, eta Euskal Herria ulertzeko ezinbestekoa".
Barrenaren iritziz, proposamenaren aldeko jarrera ugari ematen ari dira, "proposamenak konektatu egiten duelako herri honen gehiengo sozialaren nahiarekin". Barrenaren esanetan, ezker abertzaleak egindako eskaintza autodeterminazioaren aldeko eragile guztiei irekita dago, "eta guztioi dagokigu historikoa izan daitekeen urrats bat ematea, politika partidistak albo batera utzita".
Pernando Barrenaren iritziz, Intxaurragak esandakoak "guztiz zentzuzkoak" dira, "autodeterminazioaren aldekoak elkarlanean aritzeak Madrili nahiko beldur eta mamu sortzen dizkiolako". Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela azpimarratu du Barrenak, eta Batasunak Bilbon egin behar zuen aurkezpena debekatzea "horren isla" dela. "Kandidatura osatzeko akordio proposamena erabat egingarria eta erreala da, ikusita zein den gure herriaren egoera memento honetan", azpimarratu du.
Intxaurragak bere hitza berretsi ditu
Espainiako martxoko hauteskundeei begira, zeresana piztu dute aste honetan Sabin Intxaurragak Bergarako proposamenaz esandakoak. Intxaurraga autodeterminazioaren aldeko zerrenda bakar hori osatzearen alde azaldu da, ezker abertzaleak apustu egiten badu bide politikoak bakarrik erabiltzeko. "Ezker abertzaleak uste dut anitza dela. Aralar, Batzarre eta Abertzaleen Batasuna, eta Eusko Alkartasunak ere euren burua hor kokatzen dute", esan du Intxaurragak.
Une honetan alderdi abertzaleen artean "lan bateratua egitea" komenigarria dela esan du, ikusirik, batik bat, PPren aldetik dauden "erasoak" eta beste alde batetik, "PSOEk daukan jokabidea kontutan izanda". Hala ere, lan bateratu hori egiteko ezinbestekotzat jotzen du alderdien guztien aldetik "bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua egitea, indarkeria ez baitu lekurik". Alderdi abertzaleen arteko lankidetza bat bultzatzea komenigarria izango litzatekeela nabarmendu du, "autodeterminazioaren alde, subirautzaren alde eta politika sozial aurrerakoi batzuk bultzatzeko".
Maragall eta Aznarren arteko bilera
Ramon Etxezarreta Donostiako zinegotziaren esanetan, Pascual Maragall Kalanuiako presidentea "pazientzia handiko" gizona da, eta Aznarrekin soseguz hitz egiteko prestutasuna duena. "Katalunian egin den paktoa Espainia guztirako da didaktikoa eta pedagogikoa", nabarmendu du. Markel Olano EAJren EBBko kidearen iritziz, bestalde, Maragallek berak proposatzen duen estatu eredua "saldu" behar du, eta Aznarren aurrean jarrera "erasokorragoa" izan beherko lukeela nabarmendu du, "erradikala benetan Aznar bera delako".
Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren iritziz, atzoko bilerak "argi" erakutsi zuen "politikak antzerkigintzarekin gero eta zerikusi handiagoa" duela. Haren iritziz, erakundeen arteko harremanak "elkarlanean oinarritu behar" dira. "Maragallek argi utzi zion Aznarri eta Arenasi estatutu berri baten aldeko jarrera duela, baina PPk elkarlanerako arau hori ez du gogoko", zehaztu du.
Pernando Barrena Batasuneko kideak berriz, orain artea erradikalak ezker abertzaleko kideak direla aipatu dela azpimarratu du, eta egun "aldaketa politikoa proposatzen duen oro da erradikala". Barrenaren esanetan, azken urteotan testuinguru politikoa "hainbeste aldatu da, egun Maragall erradikal hutsa dela esaten dugula".
PSOEren aholkularitza batzordea
Jose Bono eta Jose Luis Rodriguez Ibarra bezalako "espainiazaleak" PSOEren aholkularitza batzordean sartzea "konpentsazio kontua" dela esan du Etxezarretak, "atzean hauteskunde programa eta kanpaina dagoelako". Sabin Intxaurragaren iritzi, ordea, talde hori "ez dago orekatua, Espainiaren aldeko jarrera sutsua" duelako. "Jendea beldurtu ez dadin egin dute hori, eta niri behintzat ez zait jarrera egokia iruditzen", azpimarratu du Ingurumen sailburuak.
Politikoen solasaldia
Barrena: "Aniztasuna ez da soilik babestu egin behar den gauza bat, baizik eta sustatu egin behar da"
Pernando Barrena Batasuneko kideak Euskadi irratiko tertulian azpimarratu duenez, "Euskal Herriaren aniztasuna ez da soilik babestu egin behar den gauza bat, baizik eta sustatu egin behar da". Aralarrek atzoko bileran egin zion eskaerari buruz galdetuta egin ditu adierazpen horiek Barrenak, eta "kandidatura osatzeko akordio proposamena erabat egingarria eta erreala da, ikusita zein den gure herriaren egoera memento honetan", azpimarratu du. Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritza Ingurumen sailburuak berretsi egin du alderdi abertzaleen arteko elkarlanaren aldekoa dela, "ezker abertzaleak apustu egiten badu bide politikoak bakarrik erabiltzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu