Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko buruzagiak atxilotu ditu Espainiako Poliziak; halaber, Unai Fano ezker abertzaleko talde negoziatzaileko aholkulariaren bila dabil. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek agindu ditu hiru atxiloketak. "Erakunde terroristako" kide izatea egotzi die, "delitua errepikatzeagatik, legez kanporatu arren Batasunaren izenean aritu direlako". Joan den urriaren 4an Batasunaren buruzagitzaren aurka Seguran (Gipuzkoa) abiatutako operazioaren segida dela azaldu du epaileak.
Hasiera batean hirurak atxilotu dituztela zabaldu dute polizia iturriek. Gero, ordea, zuzendu egin dute informazio hori eta Fano ez dutela atzeman argitu dute. Larrabetzura (Bizkaia) joan dira haren bila, baina ez dute etxean aurkitu.
Barrena, berriz, bikotekidearekin batera Berriozarko (Nafarroa) udaletxera zihoala atxilotu dute gaur goizean. Kaleko jantziekin zihoazen Espainiako poliziek auto batean sarrarazi eta eraman egin dute. 14:00ak inguruan Barrenaren etxea miatzen hasi dira, Berriozarren bertan, atxilotua bera han zela; 16:00ak aldera amaitu eta berriro eurekin eraman dute Batasuneko buruzagia. Hiru kaxa eraman dituzte etxetik.
Urrutia ere gaur goizean atxilotu dute, Iruñeko Alde Zaharrean. Aurretik, 11:30etan, elkarrizketa egin diote Euskalerria irratian. Segurako operazioaren ondoren baldintzapeko askatasunean zegoen mahaikide nafarra.
Fanori dagokionez, duela urtebete ere, iazko otsailaren 2an, atxilotu zuten, bere autoan GPS bat aurkitu zuela-eta prentsaurreko batean "espioitza politikoa" salatzera zihoala.
Garzonek argudiatu du Batasuna legez kanporatu arren erakunde horren izenean jardun dutela hiru lagun horiek. Horren frogatzat jarri du joan den larunbatean Iruñean Loiolako negoziazioei buruzko hitzaldian parte hartu zutela hirurek.
Jendea bildu da Barrenaren etxe atarian elkartasuna adierazteko
Arestian aipatu bezala, Pernando Barrena Berriozarrera eraman dute ordubiak aldera, bere etxeko miaketara. Hainbat lagun bildu dira atarian Batasuneko buruzagiari elkartasuna adierazteko, eta animo oihuekin egin diote harrera eta hala agurtu dute berriro eraman dutenean.
Batasunaren kontrako operazioa
Barrena eta Urrutia atxilotu ditu Espainiako Poliziak, eta Fanoren bila dabil
Garzonek agindu ditu atxiloketak. Hasieran hirurak atxilotu dituztela zabaldu dute polizia iturriek, baina gero zuzendu, eta Fano ez dutela etxean aurkitu agertu dute. Segurako operazioaren segida dela dio Garzonek, eta "erakunde terroristako" kide izatea egotzi die, "delitua errepikatzeagatik, legez kanporatu arren Batasunaren izenean aritu direlako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu