Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak

Barrena: "Guztion artean erabaki beharko dugu erabakitzeko eskubidea nola gauzatu"

Proiektu independentista gauzatzeko gehiengo sozialak ekoiztearen beharra nabarmendu du Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak.

2012ko irailaren 27a
17:03
Entzun

"Erabakitzeko eskubidea gauzatzea" izango da EH Bilduren lehentasuna datorren legealdian, Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean esan duenez. Barrenaren esanetan, ukaezina da eskubide hori, eta alderdi guztien artean adostu behar dute zein baldintzetan gauzatu eskubide hori. Ildo horretan, gehiengo sozialen garrantzia nabarmendu du Barrenak: "Gehiengoak behar dira. Gure helburua izan behar da gehiengo horiek gero eta zabalagoak izatea, proiektu independentista gauzatu ahal izateko".

Ezinbestekotzat jo du Barrenak euskal herritarren erabakitzeko eskubidea, eta horren aurka egiteko gizartearen haustura eragingo lukeela diotenei erantzun die: "Diskurtso hori gezurrezkoa da oinarrian. Diskurtso bateratzaile eta nazionalista espainiarrak ez duela gizartean haustura eragiten, denak eroso gaudela bertan... Haustura sortzen dute erabakiak hartzeko demokraziaren metodoak galarazten dituztenek". Balizko haustura bat saihesteko, Barrenak proposatu du euskal herritarrek erabaki dezatela zein eredu politiko nahi duten: "Egungo marko politikoa ez da euskal herritarren borondate librearen emaitza, eta hori zuzendu beharra dago". Espainiarekin bizikidetza edo dibortzioa nahi ote duen galdetuta, Barrenak erantzun du bizikidetza ezinezkoa dela "tratu txarra ematen denean, eta tratu txar hori agerikoa da".

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabaziko balitu, EH Bildurentzat ez litzatekeela porrot bat izango uste du Barrenak: "Azken hauteskunde deialdietako emaitzek sortutako exigentzia maila oso handia da. Agerikoa da hegemonikoa izateko lehian azken 50 urteetako unerik onenean dagoela ezker independentista. Egoera aurre-hegemonikoan dago". Nafarroako Parlamenturako balizko hauteskunde aurrerapen batez ere mintzatu da Barrena. Uste du aldaketa politiko bat "posible soilik ez, beharrezkoa eta egingarria" dela, eta PSNri luzatu dio galdera: "PSNk erabaki beharko du aldaketa batean parte hartu nahi duen, edo nahiago duen horrela jarraitu".

Kataluniari begira, Barrenak esan du ezberdinak direla errealitate politiko eta sozialak Euskal Herrian eta Katalunian. Edonola ere, "deigarria" iruditu zaio Artur Mas Kataluniako presidenteak diskurtso independentistari heldu izana.

Bakegintza

Ezker abertzaleak bakegintzaren bidean eginiko urratsak goraipatu ditu Barrenak, eta nabarmendu du autokritikatik eginikoak izan direla. Egungo egoerari eginiko ekarpenez "oso harro" agertu da, eta eragindako minaren aitorpenean pausoak ematen jarraitzearen alde egin du: "Lerroaren beste aldera begiratu behar da, zer-nolako sufrimendua dagoen ikusi, zeure egin, ahal dena egin, min hori ahal den neurrian arintzeko". Hala ere, autokritika ariketa egin duen bakarra ezker abertzalea izan dela ohartarazi du.

Amnesiarik ez dutela bilatzen azaldu du Barrenak: "Gertatutakoa gogoan eduki behar dugu, giza eskubideen urraketak errepika ez daitezen. Bakoitzak izango du azken 50 urteotan gertatutakoaren ikuspuntua, baina saiatu behar gara ikusmolde konpartitu bat izaten, gutxienekoa bada ere". Halaber, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak bere hitzekin ETAren biktimiei min eman izanez gero barkamena eskatu ziela-eta, Barrenak esan du berak eta ezker abertzaleak "%100ean" egiten dutela bat hitz horiekin, eta gaineratu du ezker abertzaleko eledunen hitzek mina areagotu badute, "inola ere" ez dela nahita eragindako oinazea izan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.