Barrena: «UPN-PPren maila berean egon gaitezke»

Amaiurrek Nafarroan bi diputatu eta senatari bat lor ditzakeela adierazi du ezker abertzaleko kideak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroan Amaiur UPN-PPren parean egon daitekeela uste du Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak. Koalizio abertzaleak bi diputatu eta senatari bat lor ditzakeela azaldu du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile orokorrarekin, Koldo Amezketa EAko kidearekin eta Amaiurreko hautagaiekin Iruñean eginiko prentsaurrekoan. Hala, Amaiur Nafarroako bigarren indar politikoa izan daitekeela adierazi du Barrenak.

Nafarroako abertzaleen «boto erabilgarri bakarra» Amaiurrena dela azaldu du, Espainiako Kongresuan «ordezkaritza ziurtatua» duen indar abertzale bakarra delako. Era berean, egun Euskal Herriak bizi duen testuinguru politikoan Madrilera «indar politiko bezala» joateak «inolako zentzurik» ez daukala adierazi du. Ezker abertzaleko kidearen iritziz, «herri gisa» joan behar du koalizioak Espainiako bi erakundeetan lan egitera. Dena dela, Amaiurrek egokitzen ez zaien ordezkaritza sozialik beraientzat hartzeko asmorik ez daukala ziurtatu du; euskal gizartearen interesak defendatzeko asmoa daukatela soilik.

Hegoaldeko lau lurraldeak elkartzea debekatzeko, Espainiako Konstituzioa moldatzeko aukeraz jardun dira hainbat alderdi hauteskundeotan. Barrenaren irudiko, Espainiako eskuinak badaki erabakitzeko eskubidea eztabaida politikoetan egongo dela, eta hori ekidin nahi du. «Jarrera demokratiko bat eduki beharrean, nahiago dute legeak bermatzen dituen aukera eskasak moztea».

Barrenak azaldutakoaren arabera, «UPNrekin Nafarroak ezin du hitzik egin, haien hauteskunde afixek desberdina esan arren. UPNrekin Nafarroari ahoa estali egiten zaio». Bere aburuz, koalizio abertzalea da Nafarroako eskuinari aurre egin diezaiokeen alderdi politiko bakarra: «UPNk eta PPk Nafarroari jarri dioten ahotapoia kentzeko tresna da Amaiur».

Nafarroan autodeterminazio eskubidearen eztabaida mahai gainean mantentzeko adina babes lortu nahi dutela ziurtatu du ezker abertzaleko kideak. Haren hitzetan, Amaiurrek duen «erronka nagusia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.