Batasunaren kontrako auzia

Barrenak eta Urrutiak Espainiako Poliziaren esku jarraitzen dute

Ez dute argitu noiz eramango dituzten Garzon epailearengana. Atzo atxilotu zituzten, Batasunaren izenean aritu direla-eta "erakunde terroristako kide izatea egotzita. Unai Fanoren etxea miatu dute goizaldean.

2008ko otsailaren 5a
11:53
Entzun
Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko buruzagiak atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailaren aginduz. Ordutik Poliziaren esku daude, eta oraindik ez dute argitu noiz eramango dituzten Garzon epailearengana. Berriozarren (Nafarroa) atxilotu zuten Barrena eta Iruñean Urrutia.

Legez kanporatu arren Batasunaren izenean aritu direla eta beraz «delitua errepikatu» egin dutela esan, eta «erakunde terroristako kide» izatea egotzi die biei epaileak.

Unai Fano ezker abertzaleko talde negoziatzaileko aholkularia Larrabetzun (Bizkaia) atxilotu zutela zabaldu zuten komunikabideek eguerdian, baina berri hori gezurtatu egin zuten ondoren. Garzonek Fano ere atxilotzeko agindua eman duela adierazi zuten arratsaldean, baina poliziek haren bila jarraitzen dutela. Fanoren etxea miatu dute bart Hernaniko (Gipuzkoa) Kardaberaz kalean. Etxetik "hainbat material" eraman dutela agertu dute Espainiako Polizia iturriek.

Segurako (Gipuzkoa) polizia operazioaren segida da atzokoa, berri agentziek auzitegiko iturriak aipatuz zabaldu dutenaren arabera. Iazko urriaren 4an bilera batetik atera ondoren Seguran atxilotu zituzten Mahai Nazionaleko kideen aurkako operazioan kokatu dute atzokoa; 320/07 diligentzien barruan.

LOIOLAKO ELKARRIZKETEN BERRI EMATEAGATIK. Larunbatean Barrenak, Urrutiak eta Fanok eginiko ekitaldiari emandako erantzuna dira atxiloketak, berri agentzien arabera. Hain zuzen, Loiolako elkarrizketei buruzko hitzaldia egin zuten hirurek larunbatean Iruñean. Negoziazio prozesuaren barruan, Batasunak, EAJk eta PSE-EEk Loiolan egindako elkarrizketen nondik norakoak azaltzeko ekitaldia. Gatazka gainditzeko bide gisa marko demokratikorako proposamena aurkeztu zien Batasunak EAJ eta PSE-EEri bilera haietan. Bi alderdiek ezezkoa eman zioten proposamenari, eta blokeatu egin ziren alderdien arteko elkarrizketak.

Baltasar Garzonen ustez, elkarrizketa haien nondik norakoak gizarteratzeko egindako ekitaldian eta «beste ekimen publiko batzuetan» Batasunaren izenean aritu dira Barrena, Urrutia eta Fano, Batasuna legez kanporatuta egon arren.

Akusazio horrekin atxilotu zuten atzo goizean Pernando Barrena; Batasuneko mahai nazionaleko kide gehienak espetxeratuta egonik, azken hilabeteetan ezker abertzalearen irudi publiko nagusia izan dena. Bere bikotekidearekin Berriozarreko udaletxera bidean zela atxilotu zuten kaleko jantziarekin zeuden poliziek. Gero, etxera eraman zuten miaketa egitera.

Ezker abertzaleko irudi publikoa izanik, atxilotzeko arriskuaren jakitun zen Barrena, azkenaldian hainbat hedabideetan azaldu duenez. Duela astebete Iruñeko Euskalerria irratiari eskainitako elkarrizketan, esaterako, pairatzen ari zen «presio handia» azalarazi zuen. Baikor ageri zen hala ere. Aurrera begiratu behar dela, eta «halako puntu ilunek» konponbiderako prozesu elkarrizketatua azkartzeko balioko balute gustura geratuko litzakeela adierazi zuen. «Presio pertsonalek» ez dituztela proiektu politikoak ezabatuko ohartarazi zuen, gainera. Hori frogatuta dagoela: «Pertsonak joan eta etortzen dira, baina proiektuak mantendu egiten dira».

Atzo bertan aritu zen Euskalerria irratian Patxi Urrutia ere, asteroko kolaborazioa egiten. «Artzapezpikuen aurkako proklama» egin zuen atzokoan. Gerora atxilotu zuten poliziek.

POLIZIAK, SEGIKA. Patxi Urrutiaren senideek BERRIAri adierazi ziotenez, 11:00ak aldera joan zen etxera Urrutia, eta poliziak segika zituela esan zien etxekoei. Enkargutara atera, eta ez zen itzuli. Hala ere, etxekoek ez zekiten noiz eta nola atxilotu zuten hurkoa.

Espainiako Poliziak atzo arratsaldean miatu zuen Patxi Urrutiaren eta bere anai-arreben Armaetxea etxea Amaiurren (Nafarroa), Urrutia bertan zela. Urrutia 15:30ak aldera eraman zuten eta miaketak ordu eta erdi iraun zuen.

Segurako operazioan ere atxilotu zuten Urrutia, baina Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren aske utzi zuten, baldintzapean, 24.000 euroko bermea ordainduta. Orduan ere miatu zuten Amaiurko etxea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.