Politika

Barrenak gezurtatu egin du legezko izateko Batasunak izena eta estatutuak aldatuko dituela

Batasuna legezko izan dadin bide bakarra Espainiako Alderdien Legea bertan behera uztea dela adierazi du Pernando Barrena Batasuneko buruzagiak, eta PSOEri dagokiola legedia aldatzea. Horrenbestez, Barrenak gezurtatu egin du egunkari batek gaur plazaratutako informazioa: izenak eta estatutuak aldatzeko asmoa duela Batasunak, hartara legala izateko.

2006ko ekainaren 23a
13:05
Entzun
"Barregarria da egoera, ematen baitu komunikabide batzuek guk baino gehiago dakitela geuri buruz, eta haien bidez jakin behar dugula zertan ari garen. Edonola ere, ezinbestekoa da argi eta garbi esatea informazio hori gezurra dela", adierazi du Barrenak ETB2ko El Punto saioan, gaur El Correo-k plazaratu duen informazioari buruz galdetu diotenean.

Albiste horretan esaten da Batasunak irailean izena eta Estutuak aldatuko dituela, hala legezko izateko, eta alderdien mahaia eratu ahal izateko. Osterantzeko alderdiei Batasuna asmo horren berri ematen ari dela, eta erabakia udan iragarriko dutela eransten da.

El Correo-n dioenaz bestera, Barrenak adierazi du ez dutela halako asmorik, eta Batasuna legezko izateko bidea Espainiako Alderdien Legea bertan behera uztea dela. Batasuneko buruzagiak nabarmendu du PSOEren babesarekin egin zela lege hori,eta beraz, orain Estatuaren kudeatzaile diren heinean, sozialistei dagokiola legea bertan behera utzi eta Batasunaren legezkotasuna bermatzea."Datorren irail edo urrirako Batasuna legezko izateko premia duena PSOE da, aurreiksten baitu data horietan abian izango dela Alderdien Mahaia, eta herri honetan denek argi daukate ekimen hori ezin dela aurrera eraman Batasunarik gabe", erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.