Ezker abertzalearen proposamena

Barrenak iganderako iragarri du lehen kontaktuen balorazioa, eta Kortabarriak proposamenari "sukaldeko lana falta" zaiola esan du

Batasunak ELArekin batzarra egingo du gaur arratsaldean sindikatuaren Bilboko egoitzan Espainiako hauteskundeetan zerrenda bateratua aurkezteko proposamenaz hitz egiteko. Bileraren amaieran Pernando Barrena Batasuneko kideari azpimarragarria iruditu zaio "inongo eragilek ez duela inongo ezetzik bota gure proposamenaren aurrean". Barrenak iganderako iragarri ditu lehen kontaktu horien balorazioak. ELAko komunikazio arduradun German Kortabarriak "sukaldeko lana falta" zaiola esan du Batasunak egindako proposamenari, baina autodeterminazioaren aldekoan arteko elkarlana beti babestu dutela azpimarratu du.

2003ko abenduaren 24a
17:25
Entzun
"Azpimarragarria da inongo eragilek ez duela inongo ezetzik bota gure proposamenaren aurrean. Bakoitzak jarri egin ditu bere baldintzak, bere ikuspegiak, eta hori guztiz zilegia da eta hori guztiz normala iruditzen zaigu hori guri. Mementoz informazio guztia jaso egin nahi dugu eta dauden iritzi guztiak, igandean egingo den iragarpen publiko honetan baloratuko dugu Bergaran aurkeztutako ekimenak zer bideragarritasun erreal daukan", adierazi du Barrenak Euskadi irratian.

Bestalde, ELAko komunikazio arduradun German Kortabarriak "sukaldeko lana falta" zaiola esan du Batasunak egindako proposamenari, baina autodeterminazioaren aldekoan arteko elkarlana beti babestu dutela ere azpimarratu du, nahiz eta balorazio politikorik ez duten egin nahi izan.

Atzo, EHNE, ESK, HIRU eta STEE-EILAS sindikatuekin bildu ziren ezker abertzaleko ordezkariak. Arnaldo Otegik joan den igandean adierazi zuen aste hau "klabea eta erabakiorra" izango zela autodeterminazioaren aldeko indarrek osatutako zerrenda bateratua osatzeko prozesuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.