Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak gaur jakinarazi du "aurki gatazka politikoko biktima guztiei buruzko txosten ausarta" aurkeztuko dutela. Idatzi horrek "gatazka politikoagatik pairatu duten biktima denak aitortuko ditu", Barrenaren arabera. "Jende askok galdu du bizia, edo eskubideak urratu dira. Konpontze soziala behar dute eta egia jakin behar da". Radio Euskadin mintzatu da Barrena.
ETAk urriaren 20an iragarri zuen borroka armatua bukatu duela, eta ezker abertzaleak Espainiako eta Frantziako estatuei euskal presoen arloari eusteko eskatu die behin baino gehiagotan. "Premiazkoa da gaurko kartzela politika amaitzea", adierazi du Barrenak irratian, eta Sortu legeztatzeko ere exijitu du.
Hark azaldu du ezker abertzaleak PPrekin —berau izango da laster Espainiako Gobernuan— "komunikazio bideak zabaltzeko interes handia" duela, "baina orain arte saio horiek ez dute fruiturik eman, tamalez".
PPk astearen hasieran zioen ez dutela Amaiurrekin hitz egingo, eta Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak esan du koalizioari ez lioketela talde parlamentarioa osatzea ahalbidetu beharko.