Politikarien solasaldia

Barrenaren iritziz De Juana berriz auzipetzea "mendeku txar bat" da

Iñaki de Juana Chaosek espetxean jarraitu beharko duela erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hori "mendeku txar bat" dela iritzi dio Pernando Barrena Batasuneko kideak; erabakiak ez dakarrela ezer onik azpimarratu du. Mikel Aranak (EB-Berdeak) legeak betetzeko daudela aldarrikatu du, eta Markel Olanok (EAJ) komunikabideen eragina salatu du. Auzitegi batek bi erabaki desberdin hartzea ez duela ulertzen azaldu du, Ramon Etxezaretan (PSE-EE), baina beste hirurek esan diote, auzi honek zerikusi gutxi duela justizia administrazioarekin.

2005eko uztailaren 8a
11:29
Entzun
"Iñaki De Juana Chaosekin egin dutena mendeku txar bat" da Pernando Barrenaren (Batasuna) iritzian. Azpimarratu duenez, "egoera politiko honetan Espainiako Auzitegi Nazionalak horrela jokatzeak ez dakar ezer onik". Espainiako Justizia sistemak "berak jarritako arauak ez dituelako betetzen" gertatzen da hori Barrenaren iduriko. Horrek guztiak gauza bat erakuste du :"Estatuaren botereak ez daude prest bake edo konponbide prozesu batek ekarriko dituen parametroak betetzeko".

Mikel Aranak (EB-Berdeak) Barrenak esandakoari heldu dio, eta legeak betetzeko daudela azpimarratu du. Hainbat taldek bizitza guztirako espetxe zigorra ezartzeko eskatzen dutela azaldu du, eta bera horren kontra badago ere, hori ezartzeaz "legeak modu argia aldatu" behar direla azpimarratu du. "Zenbait presoek beraien eskubideak murriztuta dituzte, politikoki eta juridikoki hala erabakitzen delako. Nik uste dut bere burua demokratikotzat jotzen duen herri batek bere legeak izan eta bete behar dituela, gehiago gustatu edo gutxiago gustatu".

Komunikabideen jarrera salatu du berri, Markel Olanok (EAJ)."Debate publikoa sortu da, eta komunikabideek ere beraien papera bete dute. Prozedura penal eta juridiko bat dago, baina baita mediatikoa ere. Kontu guzti horiek nahasten direnean, naiz eta Justizia bide batetik joan, medioak beste bide batetik badoaz okertu egiten da justizia".

Ramon Etxezarretak ez du ulertzen nola "aparatu judizial berdinak erabaki desberdinak" hartzen dituen: "ez dakizu nork duen arrazoia eta pentsatzen duzu teknika juridikoan biek izan behar dutela arrazoia".

"Justiziarekin zerikusi gutxi dukasu horrek" esanez erantzun dio Olanok.

Hala ere, Etxezarretak aldarrikatu du "jarrera politiko desberdinak izan arren, juizio elementu berdinak izan behar" direla.

Hori guztia Euskadi Irratian ostiralero egiten duten solasaldian izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.