Euskal presoak

'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren aldeko manifestua aurkeztu dute ehun lagunek

Bost euskal presori buruzko filmaren zuzendariei "beraien egia" kontatzeko ipini dizkieten oztopoak salatu dituzte Euskal Herriko kultura eta hedabideetako 102 lagunek.

2012ko uztailaren 6a
16:21
Entzun

Barrura begirako leihoak bost euskal presori buruzko dokumentalaren aldeko manifestua aurkeztu dute Donostian, San Telmo museoan, Euskal Herriko kultura eta hedabideetako 102 lagunek sinatuta. Besteak beste, Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak, Klara Badiolak, Laura Mintegik, Amets Arzallusek, Nestor Basterretxeak eta Jose Luis Zumetak izenpetu dute. Filmaren zuzendariei "beraien egia" kontatzeko jarri dizkieten oztopoak salatu dituzte. 

Lander Garro idazleak, Telmo Esnal zinemagileak eta Joxe Mari Agirretxe aktoreak prentsaurrekoan esan dutenez, "askatasunean bizitzea, nork bere egiak, ideiak eta utopiak defendatzen da". Hori dela eta, askatasunik gabe progresorik ez dagoela gaineratu dute. 

Espainiako Gobernuaren kanpaina bat dela medio, filmaren Zinez ekoiztetxeak lehengo astean uko egin zion Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari. Laguntza publiko oro baztertu duela zioen. Hain zuzen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak astearen hasieran esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela udalaren laguntza —Bildu dago Donostiako udal gobernuan—.

Bihar iluntzeko zortzietan Donostiako San Telmo museoan antolatu duten ikuskizunera joateko deia egin diete hiritarrei. Joseba Tapia, Xabier Montoia eta Mixel Etxekopar musikariek, Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa aktoreek eta hainbat bertsolarik hartuko dute parte ekitaldian. Sarrera dohan izango da.

Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala da Barrutik begiratzeko leihoak. Bakoitzak preso bati buruzko istorioa kontatuko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.