Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) bart geratu dute, gaueko hamaiketan. Nuclenor enpresa jabeak —Endesa eta Iberdrolak kontrolatzen dute, erdibana— administrazio kontseiluaren bilera izan zuen ostiralean, eta iluntzean eman zuen produkzioa eteteko erabakiaren berri.
Espainiako Gobernua prestatzen ari den erreforma energetikoak "galera handiak" ekarriko dizkiola adierazi zuen Nuclenorrek, eta horregatik itxiko zuela abenduaren 31 baino lehenago.
Espainiako Senatuak lehengo astean onartu zuen Iraunkortasun Energetikorako Zerga Neurrien Lege Egitasmoa. Proiektu horrek aurrera eginez gero, zentral nuklearretan sortutako hondakinengatik eta gastatutako erregaiengatik zerga bereziak ordaindu beharko dituzte enpresa jabeek.
Nuclenorrek zehaztu du 2013an 153 milioi euro ordaindu beharko lituzkeela zerga horietan eta horrek "galera handiak" ekarriko lizkiokeela enpresari. Enpresa desegiteko arriskuan legokeela erantsi du, zorretan itota.
Atzo itxita, gastatutako erregaia erreaktore nuklearretik ateratzeko eta hondakin nuklearrak ateratzeko aski denbora du Nuclenorrek, zerga berri horiek ordaindu gabe, urtarrilaren 1ean sartuko bailitzateke indarrean zerga sistema berria.
"Behin betiko itxiera", hainbat baldintzarekin
Nuclenorreko administrazio kontseiluak bileraren ostean argitaratu zuen prentsa oharrean "behin betiko itxiera" hitzak agertzen ziren, atzoko geldialdiari buruz hitz egiteko. Berez 2013ko uztailaren 6an bukatuko zaio jarduera epea Garoñari.
Enpresak zehaztu du, hala ere, zentral nuklearra berriz martxan jar daitekeela, eta berriz martxan jarriko duela erreforma energetikoa orain dagoen bezala onartuko ez balitz. Espainiako Gobernuari egin dio eskakizuna, beraz, Nuclenorrek.
Espainiako Kongresuak aste honetan eztabaidatuko du erreformaren gainean.
40 urte baino gehiago
Garoñak 40 urtetik gorako bizia du —1970ean ireki zuten—, eta arazo teknikoak izan ditu: hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman, eta egiturazko beste hainbat. 2006tik Espainiako Estatutuko zentralik zaharrena da.
Garoña 2013ko ekainaren 6an ixteko agindua eman zuen PSOEren gobernuak, eta Auzitegi Nazionalak 2010eko uztailean balekotzat jo zuen hark zentral nuklearra ustiatzen jarraitzeko emandako luzapena eta behin betiko ixteko ezarritako eguna.
Arabatik gertu dago, eta aurreko legealdian Eusko Legebiltzarrak hura ixteko eskatu izan du.