Bartzelonako Udalak eta Kataluniako Gobernuak deitu dute manifestaziora datorren larunbaterako, eta buruan joango dira mossoak, udaltzainak eta larrialdi zerbitzuetako beste langile batzuk.
Manifestazio horretan izango dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoa. Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak baieztatu du ordezkaritza bat bidaliko duela gobernuak Bartzelonako manifestaziora, baina ez Barkos bera joatekoa ote zen. Ondoren ziurtatu dute hori.
Gobernuak "Nafarroako herritarren elkartasuna" adierazi nahi die horrela atentatuen biktimei, horien senideei eta, oro har, Bartzelonako eta Kataluniako herritarrei. Gainera, "indarkeria terrorista gaitzetsi" du, "giza eskubideen errespetuan eta ezberdinen arteko elkarbizitzan oinarritutako gizarte" eredu baten alde lan egiteko konpromisoa adieraztearekin batera. Halaber, Jaurlaritzako iturriek baieztatu dute Urkullu ere izango dela Bartzelonan.
Ordezkari politiko gehiago ere izango dira; EAJren izenean, Aitor Esteban diputatua eta Jokin Bildarratz senataria joango dira. EH Bilduk ere ordezkaritza bidaliko du, "une latz hauetan Herrialde Katalanei elkartasuna adierazteko": Maddalen Iriarte eta Pello Urizar legebiltzarkideak. PSEren izenean, Idoia Mendia idazkari nagusia joango da.
Ika-mika polizien artean
Azken orduetan, tirabira izan da FEPOL mossoen sindikatu nagusiaren eta AUGC eta SUP Guardia Zibilaren nahiz Espainiako Poliziaren sindikatuen artean. Asteartean, ohar bat argitaratu zuten Espainiako polizien sindikatuek, salatzeko bi poliziok "baztertu" egin dituztela Kataluniako atentatuen ikerketatik: "Beste behin, gure herrialdeko erakundeen eta arduradun politikoen ahultasunak eragin du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak terrorismoaren aurkako borrokan duten esperientzia eta egitura bazter uztea, propio". Sindikatuok uste dute horren helburua zela "estatu katalan buru aski baten irudia ematea".
Ohar horri erantzun dio FEPOLek; "miserabletzat" jo du atentatuak independentziari buruzko eztabaidarekin nahastea: "Ez dugu inolako agindu politikorik jaso". Gainera, ukatu egin du AUGCk eta SUPek salatutako bazterketa gertatu izana, eta "arduragabe" jokatzea egotzi die.