Urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gasteizko istilu batzuetan "ertzainekiko desobedentzia" egin izana leporatu dio Ertzaintzak Mikel Basaberi, Aralarreko Eusko legebiltzarkideari.
Dato kalean izan zen Basaberen ustezko desobedentzia, manifestazio batean. Ertzaintzak dio hainbat lagun poliziei irainka eta gauzak botatzen hasi zitzaizkiela, haiek sakabanatzeko asmoz oldartu egin zirela ertzainak, eta horietako batek "liskar bat" izan zuela Aralarreko parlamentariarekin.
Basabek gaur legebiltzarrean kontatu duenez, manifestarien kontra egin zuen Ertzaintzak, eta hainbat jo zituen, tartean bera. Azaldu du istiluak zeudela ohartu eta aurreratu egin zela zer gertatzen zen ikustera. "Egoera lasai zegoenean, ertzain batek jo egin zuen, borrarekin, manifestazioan astiro baina aginduari jarraituz oinez zihoan herritar bat. Nik, euskaraz, zergatik jo zuen galdetuta, beste batek ni neu jo ninduen. Haren zenbaki profesionala eskatzean berriro jo ninduen, harik eta legebiltzarkidea nintzela esan nion arte. Haren zenbaki profesionala nahi nuela esan nion, eta susmoa dut legebiltzarkidea naizelako lortu nuela".
Basabek iragarri du "salaketa politiko eta judizial" bihurtuko duela kasua.
Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Basaberi erantzun dio sentitzen duela hori gertatu izana, baina esan du egun hartako "egoera" kontuan hartu behar dela jazotakoa "ulertzeko". Aresen arabera, Aralarreko legebiltzarkideak une hartan ez zeukan agiririk.
"Ertzaintzak profesionaltasunez eta gehiegikeriarik gabe" jokatu zuen greba egunean, Herrizaingo sailburuak adierazi duenez. Basabek erantzun dio "gehiegikeria" izan zela ertzainen aldetik.
Espainiako Gobernuaren pentsio erreformaren aurkako greba orokorrera deitu zuten urtarrilaren 27rako ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk Hego Euskal Herrirako. Pozik azaldu ziren "babes zabalagatik". Eragile politikoen artean ezker abertzalearen, EAren, Aralarren eta Alternatibaren atxikimendua jaso zuten.
politika
Basabe legebiltzarkideari desobedentzia egotzi dio Ertzaintzak, grebako istilu batzuengatik
Aralarreko kideak dio ertzain batek jo egin zuela, eta "salaketa politiko eta judizial" bihurtuko du kasua. Poliziek "profesionaltasunez eta gehiegikeriarik gabe" jokatu zuten, Aresen ustez. Gasteizen gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu