Basagoiti: "Artur Masi Ibarretxeren aurpegia jartzen ari zaio, eta Urkulluri, Masena"

2012ko irailaren 24a
12:03
Entzun

"Artur Masi Ibarretxeren aurpegia jartzen ari zaio, eta Urkulluri, Masena". Hitz horiekin egin du Antonio Basagoiti PPko EAEko presidenteak EAJren kontra. Esan duenez, "antzekotasunak" antzeman ditu Kataluniako presidenteak eta EAJko lehendakarigaiak dituzten jarreren eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak estatutu proposamenarekin izandako jokabidearen artean.

Basagoitik uste du EAJk "moderazio itxurak" egiten ari dela independentziaren inguruan, "eraginkorra" izan delako EAJ oposizioan egotea. Hala ere, "apur bat bilatuz gero", EAJk 2015. urterako estatus politiko berri baten proposamena eta "euskal estatuaren planteamendua" duela nabarmendu du Basagoitik. "Nazionalistek Espainia konstituzionala desegitea nahi dute. Espainiako gaiez edo Gernikako Estatutuaz Urkullurekin hitz egiten duzunean, jarrera gogorra ateratzen zaio", esan du.

"Bilduko nahiz EAJko abertzaleen gehiengo gehiegizkoa" dagoela adierazi du Basagoitik, eta gaineratu du horrek "arazo berri bat" sortuko diola Espainiari: "Espainiar eta euskaldun sentitzen diren guztiak bozkatzera badoaz, Espainia komunaren askatasunaren alde eta ETAren amaiera duin baten alde lagunduko dute". Independentziaz, ziurtatu du "arrisku sari berri bat" izango litzatekeela, ekonomikoaz gain; "ezegonkortasunaren eta liskarren arrisku saria", hain justu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.