Leku sinbolikoa aukeratu zuen atzo EAEko PPk Espainiako Gorteetarako bozetarako lehen hauteskunde ekitaldia egiteko: Loiolako Erriberan dagoen Memoriaren Lorategia, Donostian. Hala, indarkeriaren biktimen omenez egindako parke horretan, ETAren biktimak izan zituzten gogoan, Gregorio Ordoñez bereziki—haren izeneko kale bat dago ekitaldiko lekutik gertu—. Sinbolismoz beteriko ekitaldia egin zuten, eta uso zuriak askatuz ekin zioten kanpainari PPkoek.
ETAk jardun armatua uzteko erabakia hartu ondoren «bakea» lortu dela adierazi zuen Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak. Orain alderdiaren erronka «askatasuna lortzea» dela gaineratu zuen. Horretarako, biktimen oroimena «ezinbestekoa» dela azaldu zuen. Uko egin zion, baina, biktimak parekatzeari: «Ez gaitzatela engainatu, ez dezatela mozorrotu ezin dena mozorrotu. Biktimak eta terroristak ez dira berdinak».
«Bazterketarik, diskriminaziorik eta begirada txarrik gabeko gizarte bat» lortzeaz jardun zen Basagoiti. Nabarmendu zuenez, «ETAk hiltzen utzi izanak ez du inongo saririk jasotzeko akuilu izan behar»
Askatasuna lortzeko, «bizikidetza» eta «elkartze guneak» sustatzeko asmoa du, eta horren adibide nagusia Gernikako Estatutua dela esan zuen. Euskal herritarrek bakea «merezi» dugula esan zuen, eta PPk ez duela «etsiko» herritar guztiak lasai bizi arte. Indarkeriaren aroa amaitu eta orain askatasunaren aroa hasteko bidea zehaztu zuen: «Legeak, arauek, eta bizikidetza markoek indartuta atera behar dute».
Amaiurri irabazi beharra
Gipuzkoako hautagaiek hartu zuten parte Basagoitirekin batera Donostiako ekitaldian. Espainiako Kongresurako zerrendaburu Jose Eugenio Azpirozek herritarrei «mobilizatzeko» eskatu zien: «Onartezina da Donostian Bilduk edo Amaiurrek irabaztea. Demokrazia egunero eraikitzen da, eta ziur gaude donostiar gehin-gehienek botoa ematen badute ez duela Amaiurrek irabaziko; PP hazi egingo da».
Kongresurako bigarren zerrendaburu Juana Bengoetxeak «askatasunaren atarian» gaudela adierazi zuen. «Askatasunaren atea ireki dugu, baina bidea ez dago egina, denok elkarrekin egin behar dugu».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Basagoiti: «Bakea lortu dugu, orain askatasuna lortzea da gure helburua»
ETAk jardun armatua utzi izanak ez duela «inongo saririk» jasotzeko akuilu izan behar adierazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu