PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidente Antonio Basagoitik ziurtatu du Espainiako Gobernua ez dela ETArekin harremanetan jarriko eta euskal presoek ez dutela "sari politikorik" izango erakundea desegiteagatik. Efe berri agentziari adierazi dionez, Madrilek ez du "terroristekin eta ingurukoekin" negoziatuko, hori egitea "arrazoiaren parte bat aitortzea" izango litzatekeelako.
Basagoitiren esanetan, PPk ez du "presarik", "bonbak jarri dituztenak eta hori justifikatu dutenak" baitira urratsak egin behar dituztenak. Aitzitik, erantsi du Espainiako Gobernuak baduela presa "atentatu gehiagorik ez izateko, ETA desegiteko eta erakunde terroristaren historia auzitan jartzeko, inork ez dezan inoiz errepikatu eta idealizatu".
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ETAren desegiteaz hitz egiteaz, Basagoitik adierazi du PPrentzat EAJ ez dela "erreferente" gai horretan: "[EAJk] hogei urte daramatza ETA ahultzea eragin duten neurri guztiei kontra egiten". Alderdien Legea aipatu du adibide gisara.