konponbideari begira

Basagoitik euskal presoen auzia agendatik erretiratzeko eskatu die Lopezi eta EAJri

EAEko PPk etzirako "erantzukizuna eta zuhurtasuna" eskatu dizkio Jaurlaritzako lehendakariari, bakerako proposamenetan. Joseba Permach ezker abertzaleko kideak Aieteko adierazpena kontuan hartzeko galdegin dio Lopezi.

2012ko martxoaren 6a
14:09
Entzun

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak euren agendatik euskal presoen auzia erretiratzeko eskatu die gaur Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta EAJri. Torturen eta independentziaren gaia ere albo batera uzteko galdegin die, azken batean "Batasunaren jarrerari ez emateko prestigiorik".

PPk "alderdi nagusiekin lan ildo batzuk" finkatu nahi ditu, Basagoitik Onda Cero irrati katean esan duenez. "Bi dira batzen gaituzten gauzak: ETAren desagerpenaren exijentzia eta hiltzeagatik ez egotea ordain politikorik. Baina PSE eta EAJ pixka bat anbiguo ikusten ditut, gaindituta".

Lopezek etzi aurkeztuko ditu bakerako ekimen berriak, Eusko Legebiltzarrean, eta Iñaki Oiartzabal EAEko PPko idazkari nagusiak espero du "sorpresarik" ez egotea. "Erantzukizuna eta zuhurtasuna" izateko eskatu dio; haren arabera, "ez da protagonismoa bilatzeko momentua".

Jaurlaritzako lehendakariak esana du bi oinarri izango dituela akordioetara heltzeko: iazko irailean aurkeztu zuen dekalogoa eta lehengo otsailean Espainiako Kongresuko hainbat taldek erdietsitako hitzarmena. "Formula eta foro berriak" sortu nahi ditu. Joan den urtarrilean Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari euskal presoak gerturatzeko eta Sortu legeztatzeko eskatu zion.

Haren proposamenek Kongresuan hitzartutakoarekin "zerikusia" izatea espero du Oiartzabalek, Radio Euskadin goizean emandako elkarrizketan adierazi duenez. "Ia alderdi guztiek izan zuten dokumentua sinatzeko aukera; eskakizun demokratikoaz eta proiektu totalitario eta baztertzaile baten aurka borroka egiteaz hitz egiten zen horretan".

Joseba Permach ezker abertzaleko kideak ere "erantzukizuna" eskatu dio Lopezi. Horrekin batera, "Euskal Herrian zabalik dagoen prozesuaren buru izaten saiatzeko legezkotasunik ez duela" ohartarazi dio. Aieteko adierazpena kontuan har dezan ere eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.