Politika

Basagoitik peronea eta lotailu bat hautsi ditu PPko kideen arteko futbol partida batean

EAEko PPko zuzendaritzako kideak alderdiko gazteen kontra jokatzen ari ziren Donostian. Komunikabideak han ziren PPko buruzagitzak deituta. Partida hasi aurretik Espainiako selekzioak Munduko Kopa ondorengo lehen partida Euskal Herrian jokatzea eskatu du Basagoitik.

2010eko uztailaren 1a
22:53
Entzun
Futbolean jokatzen ari zela eskuineko zangoan zauri handi samarra egin du gaur goizean Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak: peronea eta orkatilako lotailua hautsi ditu, futbolean ari zela oina gaizki bota eta bihurritua egin ondoren. PPko zuzendaritzako kideekin batera alderdi bereko gazteen kontrako partidan parte hartzen ari zen Basagoiti, Donostiako Loiolako auzogune berriko futbol zelaian. Komunikabideak istripuaren lekuko izan dira, PPko zuzendaritzak deituta han baitziren.

Hain zuzen ere, komunikabideentzako adierazpenak egin ditu partida hasi aurretik Basagoitik; zehazki, Munduko Koparen ondorengo lehen partida Espainiako selekzioak Euskal Herrian jokatzeko eskatu du, "txapeldun gisa bada hobeto".

Lesioaren ondorioz, ebakuntza egin beharko diote Basagoitiri. Donostia Ospitalean artatu dute aurrena, baina gero Bilbora, bizilekura, eraman dute ebakuntza han egiteko.

Bideoa ETBkoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.