politika

Basagoitik Raxoiri esan dio PSErekin eta EAJrekin "konplizitatea" bilatuko duela ETAren amaierarako bidean

EAEko PPko presidentea Raxoi Espainiako presidentearekin bildu da Moncloan. Azaldu du presoak gerturatzea ez dagoela PPren lehentasunen artean, eta ETAri desegiteko eskatu dio.

2012ko otsailaren 14a
18:58
Entzun

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin egindako bileraren ostean Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak hedabideen aurrean iragarri du PSErekin eta EAJrekin "konplizitatea" bilatuko duela ETAren amaierarako bidean. Izan ere, Basagoitiren arabera, PPk, PSEk eta EAJk hiru puntutan bat egiten dute: ETAk jarduera armatua utzi izana albiste ona dela deritzote, ezinbestekotzat jotzen dute ETA baldintzarik gabe desegitea, eta hari, eragindako minagatik, ezin zaio sari politikorik eman.

"PSEk eta EAJk eskubidea dute nahi dutena planteatzeko, baina ezin da izan ETAren ordain gisa", esan du. Euskal presoen gaiaz, berriz, adierazi du ez duela ulertzen "egun guztia horren inguruan hizketan aritzea", hark ez duelako "Batasunaren kanpainan lagundu nahi". "Banakako bergizarteratzea" proposatu du, eta "presoak gerturatzea ez dago PPren lehentasunen artean". 

ETAri "desegiteko" eskatu dio EAEko PPko buruak, baita "mina aitortzeko eta biktimen onarpena egiteko" ere.

Raxoik Moncloan hartu du. Urtarrilaren 27an Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hartu zuen, eta, handik lau egunera, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea.

Lopezek eta Urkulluk espetxe politika aldatu beharra dagoela esan zioten Espainiako presidenteari. Jaurlaritzako lehendakariak "antzinako Batasuna" legeztatzeko ere eskatu zion. EAJko buruak bakea eta normalizazio politikoa kudeatzeko elkarlana proposatu zion. Bien arabera, Raxoik harrera ona egin zien eskaerei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.