Espainiako Estatuan 1979tik aurrera errolda %40 pasa hazi da, baina EAEn %21, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak esan duenez, eta ondorio bat atera du: "Hamar urtean Euskaditik ehun mila lagun joan ziren [ETAren] estortsio eta mehatxu terroristarengatik. Beraz, erraza da jakitea nork utzi duen Euskadi". Hala esan du laSexta telebistan egin dioten elkarrizketan.
Hori "konpondu" beharra dagoela iritzi dio, aipatutako erkidegoko hauteskundeetan ehun mila lagun haiei botoa emateko eskubidea emanda.
"ETAk errolda garbitu egin nahi izan zuen, guztiok Batasuneko abertzale egiteko eta bere helburu politikoak lortzeko. Nik zauri hori ixtea proposatzen dut", esan du Basagoitik.
Espainiako Gobernuak gaia aztertzeko hogei aditurekin bilera egin zuen lehengo astean Madrilen, eta Fabio Pasqua juristak proposatu zuen boto eskubidea inoiz Hego Euskal Herrian bizi izan den orori zabaltzea, Euskal Herria ETAk eraginda nork utzi duen zehazteak duen zailtasuna dela eta. Erroldaren erreforma babesteko eskatu zien PPk EAJri eta PSOEri.