Bizkaiko Batzar Nagusietara itzuli da gaur zahar etxeen inguruko eztabaida. Azaroan Basauriko Bizkotxalde egoitzako erabiltzaileek eta langileek egindako salaketak izan dituzte hizpide Gizarte Ekintza Batzordean. PPk eta EH Bilduk eskatuta, Sergio Murillo diputatuak azaldu du ikuskariek ez dutela antzeman urraketarik ofizioz zein salaketen ondorioz jardun direnean, eta protokolo guztiak bete egiten direla. Oposizioko alderdiek zalantzan jarri dute ikuskaritza zerbitzuen «exijentzia maila», eta zerbitzua hobetu beharra nabarmendu dute. Ildo horretan, «enpatia erradikaleko ariketa bat» eskatu du Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak: «Pentsa dezagun gure senide bat dagoela egoitza batean, edo gu geu, zahartzen garenean: denoi gustatuko litzaiguke zaintza ona jasotzea eta duintasuna bermatzea».
Bizkotxalden bizi diren 120 adinekoen dozenaka senidek igorri zuten kexa Bizkaiko Foru Aldundira, «kalitatezko arreta» eskatzeko. Langileek bat egin zuten salaketarekin, eta, ELA sindikatuak babestuta, elkarretaratze bat egin zuten orain bi aste. Behargin falta eta lan zama handiak salatu zituzten, eta gaitzetsi zuten horren ondorioz «zaintza eskasa» jasotzen dutela egoiliarrek: jateko txarra ematen dietela, garbitzeko astirik ez dutela, pixoihalak gutxitan aldatzen dizkietela... Izatez, urrian piztu ziren alarmak: bi erabiltzailek hazteria hartu zuten zahar etxean.
Hala ere, ikuskariek ez dute urraketarik antzeman, Murillok emandako azalpenen arabera: «2017 eta 2019 artean egindako azterketetan ez dute gabeziarik detektatu». Ofizioz egindako azken ikuskaritza 2019ko maiatzean izan zen: «Ez zen urraketarik agertu». Azaroan senideek aurkeztutako kexen harira, zentroko arduradunak eta ikuskariak gutxienez 35 familiarekin bildu direla azaldu du diputatuak: «Arazoak konpontzen saiatzen ari dira. Goiz da jakiteko zer emaitza duen prozesuak, baina erne egongo gara».
Protokoloez harago
Hala ere, Murillok nabarmendu du garbiketari eta pixoihalei buruzko protokoloak betetzen ari direla Bizkotxalden. Duquek, ordea, zenbakiez harago joateko eskatu du: «Protokoloek diote egunean lau aldiz aldatu behar direla pixoihalak, baina hori gutxieneko bat da; ez da beti nahikoa: pentsa dezagun egunean zenbat aldiz dugun komunera joateko beharra. Protokolo hotzetan geratzen bagara, ez dugu aurrerapausorik emango. Senideekin hitz egin dugunean, egoera hunkigarrien berri eman digute: adibidez, pixoihalak aldatu bai, baina garbitzeko astirik ez dutela langileek».
Diputatuak onartu du auzia ezin dela soilik datuen bidez aztertu, baina azpimarratu du kexa gutxi izaten dituztela: «10.500 tokiko eta 150 egoitzatako sistema batean, 103 kexa jaso genituen 2018an: objektiboki gutxi dira». Halaber, senideei galdegin die ikuskaritza «aliatu» gisa ikusteko: «Haren egitekoa da bermatzea legea betetzen dela».
Eduardo Andrade PPko ordezkaria, berriz, «kezkatuta» agertu da ikuskarien lanarekin: «Senideek kexak aurkeztu baino hilabete gutxi lehenago izan zen ofiziozko azken azterketa, eta ez zuten ezer detektatu; edo ikuskaritzek ez dute funtzionatzen, edo ez da familiekin behar bezala erkatzen». Ados dago Elkarrekin Bizkaia taldeko Hector Fernandez: «Agian ikuskaritza zerbitzuaren exijentzia maila baxuegia da».
Hazteriaren inguruan ere aritu da Fernandez: «Higiene egokiaren bidez prebenitu daiteke. Auzi horrek lotura estua du egoitzako baldintza materialekin eta lan baldintzekin». Murillok argitu du bi kasuak egun bakarreko aldearekin atzeman zituztela, berehala eraman zituztela osasun etxera, eta ondoren gainerako egoiliarrak ez kutsatzeko neurriak hartu zituztela. Erantsi du hazteria ez dela gaitz arriskutsua, baina bai oso kutsakorra, eta bi kasu baino ez direla izan: «Ez diot garrantzirik kendu nahi, baina neurrian hartu behar da. Halako zentroetan pertsona asko aritzen dira: erabiltzaileak, senideak, langileak, hornitzaileak... Ez daude gorabeheretatik libre».
Sexu abusuen aurkako neurriak
Bizkotxalden salatutako egoerez gain, beste urraketa bat ere aztertu dute batzordean: Barakaldoko zahar etxe batean bi gizonek sexu abusuak egin zizkiotela salatu zuen 71 urteko andre batek azaroan. Horren harira, EH Bilduk galdetu du ea halakoei aurre egiteko protokolorik al duen diputazioak. Murillok esan du ezetz, baina datorren urteko lehen seihilekorako prest izango dutela sexu abusuen inguruko protokolo bat, besteak beste, hala ezartzen baitu Eusko Jaurlaritzak udan zahar etxeen inguruan onartutako dekretuak.
Ildo horretan, dekretu horretako beste gai bati heldu dio Izaskun Duquek: ratioak. Gogora ekarri du arauak utzi duen «korapilo» bat dela, eta kexa asko eragin dituela: «Ondo aztertu behar da zenbat langile behar diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko: badago lotura argi bat langile kopuruaren eta zerbitzuaren kalitatearen artean. Protokoloez ari garenean ere, eta dekretuak hainbat protokolo sortzea aurreikusten duenean, zenbat denbora beharko dute langileek hainbeste protokolo zaintzen eta betearazten?».