Araba, Bizkai eta Gipuzkoako banakako etxebizitzek azterketa teknikoa gainditu beharko dute baldin eta etxearen alde bat kalera begira badute eta bertako udalak begi onez ikusten badu. Nekazaritza edo abeltzaintza ustiapenean aritzen diren baserriek ere ez dute ziurtagiri teknikoa aurkeztu beharrik izango, Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen dekretu berriaren arabera.
2014an jakinarazi zuen Jaurlaritzak 50 urtetik gorako etxebizitzek derrigorrean EIT Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa gainditu beharko dutela aurrerantzean. Jaurlaritzak aurtengo ekainaren 27a jarri zuen epemugatzat. Ordurako, 73.429 etxebizitzak pasatu behar zuten ikuskapena, baina, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak jakinarazi duenez, epetik bi hilabete baino gehiago igaro dela, %29k baino ez dute pasatu. Arriolaren hitzetan, "bide luzea" geratzen da oraindik azterketa guztiak osatzeko, baina azaldu du dekretu berriak eskakizunak malgutu dituela, eta orain arte "nahastea" sortu duten puntuak —baserriena nola banakako etxebizitzena— argitu ere bai.