Gaur inauguratu dute Donostian, Miramonen, BCC Basque Culinary Center, goi-mailako sukaldaritza ikasketak eskainiko dituen lehen unibertsitatea. Eguerdian izan da irekiera ekitaldia, eta han izan dira, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Cristina Garmendia Espainiako Gobernuko Berrikuntza ministroa, Espainiako printze-printzesak, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Isael Zelaa eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako sailburuak, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea eta Markel Olano EAJko Gipuzkoako batzarkidea.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ez da izan, Espainiako printzeak izan direlako, horiek "Euskal Herriaren ukazioaren ikur" direla argudiatuz. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere ez da egon inaugurazioan.
Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Eneko Atxa eta Martin Berasategi sukaldariak ere izan dira ekitaldian.
Arratsaldean ekitaldi soziala egingo dute, 19:00etan, eta han hartuko dute parte Garitanok eta Izagirre.
Mondragon Unibertsitateak (MU) kudeatuko du Basque Culinary Center. Iosu Zabala MU errektoreak esan du "ametsa" bete dutela sukaldaritzako unibertsitatea zabalduta. Egitasmoak izaera lokala eta globala duela uste du. 56 ikaslerekin hasiko dira —320tik hautatutakoak—.
Felipe Borboikoa Espainiako printzeak Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lankidetza goraipatu du, eta fakultate berriak formakuntza, ikerketa, teknologia, berrikuntza, ezagutza eta nazioarteko proiekzioa uztartzen dituela esan du. "Horiek dira krisitik irteteko bide batzuk".
Jakingarriak
2009ko abenduaren 1ean hasi zituzten lanak. Hamalauko taldeetan lan egiteko antolatu dute azpiegitura guztia, sukaldeak eta tailerrak barne. Ikerketa zentroa eta dastatzera bideratutako gelak ere badituzte BCCn.
Helburua ez da soilik jatetxeetan aritzeko sukaldariak trebatzea. "Industria sukaldaritzari buruzko adar bat ere badago ikasketetan, catering etxeetan aritzeko, adibidez. Jende kopuru handiarentzat jakiak prestatu behar dira, ospitale baterako, adibidez; halakoetan lanerako beste modu bat ikasiko dute", dio azaldu du BCC Fundazioko zuzendari Joxe Mari Aizeagak.
Kanpoaldetik U edo zaldien ferra forma du bost solairuko eraikinak, eta ingurunearekiko zaintza eta errespetua irizpide hartuta diseinatu dute. Eraikinaren sarrera nagusiak kafetegiarekin egiten du bat. Kafetegiko sukaldea praktiketarako baliatuko dute ikasleek, eta haiek prestatutako jakiak eguneko menuetan zerbitzatuko dituzte kafetegian bertan.