EUSKAL HERRIA

Basterretxea, 'Egunkaria' eta 'Egin' sarituko ditu Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Urrezko Dominarekin sarituko dute Nestor Basterretxea artista, erakutsitako "konpromiso eta elkartasunagatik". 'Egunkaria'-k "pentsamolde guztietako euskaldunak batzeko izan duen gaitasuna" azpimarratu da eta    'Egin' "adierazpen askatasunaren aurka egin den erasorik bortitzenaren biktima" dela salatu du Aldundiak. Gipuzkoako PSE eta PP, ordea, azken bi erabaki horien kontra agertu da.   

2013ko uztailaren 4a
16:31
Entzun

Martin Garitano diputatu nagusiak aurreratu duenez, Nestor Basterretxea artistari emango diote Gipuzkoako Urrezko Domina irailaren 12an. Foru Aldundiak "XX. mendeko euskal artistarik gailen eta aipagarrienetakoa" saritu nahi izan du, eta haren alor anitzeko ibilbidea azpimarratu du: "Basterretxeak erakutsi du artista osoa dela, diziplina itxien mugetatik haragokoa". Garitanoren hitzetan, "Gipuzkoako gizarteak merezitako aitorpena eta esker ona" adierazi nahi dio Basterretxeari, erakutsitako "konpromiso eta elakartasungatik, eta Gipuzkoaren irudi bikaina zabaltzeagatik".

Basterretxea, 1924an Bermeon jaioa, gaztetatik Gipuzkoan bizi da. 1940ko hamarkadan margolaritzan hasi zenetik, lan ugari egin ditu hainbat eremutan, hala nola zineman, diseinuan, arkitekturan eta hirigintzan, argazkilaritzan eta idazkuntzan.  

Azken urteetan, Anjel Olaran misiolaria, ikastoletako sorrerako andereñoak eta Mikel Laboa izan dira, besteak beste, saridunak.  

Urrezko Plaka 

Euskaldunon Egunkaria etaEgin, berriz, Urrezko Plakarekin sarituko dituzte. Garitano diputatu nagusiak euskarazko kazetaritza moderno eta kalitatearen ikurtzat jo du Euskaldunon Egunkaria, eta hastapenetatik "independentzia osoarekin aritu izana" goraipatu du. "Proiektu gutxi izan ziren Euskal Herriaren XX. mendeko historian, izaera eta pentsamolde guztietako euskaldunak adostasun batean biltzeko gai, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerak izan zuen moduan".  

Egin-en kasuan, Foru Aldundiak gogoratu du "milaka gipuzkoarren diru ekarpen xumeeen laguntzaz" sortu zela, eta 21 urtez Euskal Herriko politikaren itsasoan "urak harrotu eta ekaitz bizien artean aritu" ostean, "Espainiako Gobernu eskuindarraren kolpe latzenaren biktima izan zela 1998ko uztailean". 

Gipuzkoako PSE-EEk, berriz, kritikatu egin du Foru Aldundiak Urrezko Plaka banaz saritu izana Euskaldunon Egunkaria eta Egin. Alderdi sozialistaren iritziz, "alde bakarrarentzako sariak" dira, eta uste du "garbi" geratu dela Garitano "Bilduren diputatu nagusia" dela.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPko bozeramaile Juan Carlos Canok ere gogor kritikatu du Euskaldunon Egunkaria eta Egin saritu izana. Canok adierazi duenez, "Garitanori ez zaizkio ardura bera bezala pentsatzen ez duten gipuzkoarrak", eta "probokazioa baino ez du nahi".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.