Bastida Arabako ikastolen aldeko jairako prest dago jada. Zazpi aste geratzen dira oraindik egun handirako, baina ekainaren 17ko jaiaren ardatz nagusia zein izango den zehaztu dute dagoeneko, baita aldaketa adierazgarriak egin ere aurreko aldiekiko. Bastida ikastola, eraikina, izango da jaiaren bihotza. Horretarako prestatu dute ibilbidea. «Aurreko aldietan, jaia herriaren goiko aldean biltzen zen, eta ikastolarekiko lotura falta zen», gogorarazi du Ketxu Bedialaunetak, Bastida ikastolako zuzendariak.
Hiru kilometro inguruko ibilbidea prestatu dute ikastolakoek, eta lau gune izango ditu. Horietatik bi herrian bertan egongo dira: lehena ikastolan jarriko dute, eta bigarrena, Marigiloz etorbidean. Jasokundearen Andre Mariaren parrokiak herriaren goiko aldetik ikusiko du Araba Euskaraz, aurreko urteetan ez bezala ibilbidea ez baita hara gerturatuko. Ikastolatik hegoaldera egongo dira beste bi guneak, eta herriko alde zaharretik urrun.
Aldaketa horiei esker, bisitariak zirkuitura errazago helduko direla azaldu du Ainhoa Gonzalez Bastida ikastolako lehendakariak. «Ibilbidea egiterakoan, erosotasuna lehenetsi dugu, herriaren ikuspegi zabalagoa izateko». 2008ko ibilbidearekiko egindako aldaketei esker, aparkalekuak ibilbidetik gertuago egongo direla azaldu du Gonzalezek.
Ekainaren 17ko jaiari musika jarriko dioten taldeen izenak ere ezagunak dira dagoeneko, oraindik ere egitaraua guztiz itxita ez dagoen arren. Nahixan taldeak, 2012ko Araba Euskaraz-eko kantaren egileak, kontzertua emango du. Orlando Arreitunandiak idatzitako hitzei musika jarri zien Nahixan taldeak, eta atzo bertan aurkeztu zuten Bastida ikastolako ikasleen laguntzarekin grabatutako bideoklipa.
Nahixanen kontzertua ez ezik, Gatibu, Bizardunak, Ze Esatek!, Jonhy&Joseph, Oihan Vega eta beste hainbat talde ere izango dira Bastidan. Kontzertuez gain, ibilbide osoan kale animazioa jarriko dute, eta gune batzuetan produktu labeldunak dastatzeko aukera ere izango dute bisitariek. Tailerrak, Irrien Lagunak kluba eta beste hamaika ekitaldi prestatuak dituzte, dagoeneko, denen gozamenerako.
Egitasmoari bultzada
Bastidako ikastola 1979. urtean sortu zen, baina 1989. urtera arte ez zuen Araba Euskaraz antolatu. Ordutik, 2004an eta 2008an antolatu izan du, urte horien artean ekin baitzion ikastolaren azpiegitura handitzeko egitasmoari. Hain zuzen ere, 1979. urtean bederatzi ikaslerekin hasi zen, eta gaur egun 175 ikasle inguru ditu. Hortaz, Bastida ikastolaren helburu ekonomiko nagusia eraikin berrien zorrak ordaintzea da. «Baliabideak nahi ditugu gure proiektua aurrera eramateko, teknologia berriak sartzeko», jakinarazi du Bedialaunetak.
Dena den, helburu ekonomikoa baino harago doa 2012ko Araba Euskaraz jaia, leloak agerian uzten duenez: Barneratu, barreiatu. Ikastolen egitasmoa «zabaldu, indartu eta ezagutarazi» nahi du, eta festan parte hartzen duten herritarrei egitasmoaren parte direla erakutsi nahi diete. «Herritarrei ikastolarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko gertu sentitzeko aukera eman nahi diegu», zehaztu du Gonzalezek. Hori lortzeko, zenbait egitasmo eraman dituzte herrira, Kanpanolue umeentzako ikuskizuna eta bertso afari bat, besteak beste.
Bastida ikastola izango da jaiaren bihotza
Araba Euskaraz jaiak, ekainaren 17an, hiru kilometro inguruko ibilbidea eta lau gune izango ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu