Bastidako ikastolak goiz hasi ditu datorren urteko Araba Euskaraz jaia prestatzeko lanak. Arabako ikastolen festa laugarrengoz hartuko du Arabako Errioxako herriko ikastolak, eta orain arte egindako lana handia izan den arren etorkizunean egin beharreko lanarekin duten konpromisoa agerian utzi du festarako aukeratutako leloak: Barneratu, barreiatu. Euskara ikastearen garrantzia islatu nahi dute, ondoren hizkuntza hori Bastidan eta Arabako Errioxan barreiatzeko, eta besteek ere ikasteko.
Ikastola 1979. urtean sortu zen arren, 1989. urtean hartu zuen lehengoz Araba Euskaraz antolatzeko ardura. Ordutik, beste bi aldiz egin du: 2004an eta 2008an. Bi urte horien artean gertatu zen, hain zuzen ere, ikastolaren eraldaketa nabariena. Ordura arte erabilitako eraikina hazten jarraitzeko eragozpen bat zenez, ikastola berria eraiki zuten 2006-2007ko ikasturtean. Orduko lanei lotuta dago 2012ko Araba Euskaraz jaiaren helburu ekonomiko nagusia, Ainhoa Gonzalez ikastolako presidenteak gogorarazi duenez. «Eraikin berrien zorrei aurre egitea da konpromiso zehatzetako bat, gure proiektua aurrera eramateko baliabideak izateko».
Helburu ekonomikoez harago doa, hala ere, Arabako ikastolen jaiaren asmoa. Ikastolen egitasmoa «zabaldu, indartu eta ezagutarazi» nahi dute, festan parte hartzen duten herritarrei jaia haiena dela sentiarazi ahal izateko. «Herritarrei ikastolarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko gertu sentitzeko aukera eman nahi diegu». Herritarren parte hartzea nabarmendu zuten ikastolako arduradunek 2008ko Araba Euskaraz jaia egin eta gero. Euskarak herriko txoko guztiak bete zituen orduan, eta Arabako Errioxan eguneroko bizitza euskaraz ere egin daitekeela frogatu zela azaldu zuten antolatzaileek.
Euskarak Arabako hegoaldeko kuadrillan izan duen bilakaeraren isla da Bastidako ikastola. 1979. urtean bederatzi ikaslerekin hasi zuen bidea, eta ikasturte honetan 175 ikasle dituzte. %37 Arabakoak dira, eta gainerako %63ak Espainiakoak: %58 Errioxakoak eta %5 inguru Burgoskoak, hain zuzen ere.
Lauburua eta mahatsak
Ekainaren 17an ospatuko den jaiaren leloarekin batera 2012ko Araba Euskaraz jaiaren logotipoa ere aurkeztu dute. Araba, euskara eta Bastida hitzen lehen letrak nahastuta lauburu bat irudikatzen duen ikur bat izango da festako irudia. Horrez gain, mahats mordo baten zati bat ere irudikatzen du logotipoak, Arabako Errioxako ezaugarri nagusietako bat irudikatuz.
Leloarekin eta logotipoarekin batera Bastidako 2012ko jaiari soinua jarriko dion abestia ere aurkeztu dute. Nahixan taldeak egin du abestia, baita disko berrian grabatu ere. Hortaz, Durangoko Azoka baliatuta, ohi baino lehenago aurkeztu dute antolatzaileek. «Araba, euskara eta Euskal Herria izan genituen buruan abestia egiterakoan», azaldu du Axular Arizmendi Nahixan taldeko abeslariak. Besteak beste, Bastidako ikastolako haurrek parte hartu zuten abestian. «Gozamena izan zen abestia egitea».
Bastidan euskara barneratu eta barreiatuko du 2012an Arabako ikastolen jaiak
Ikastolako inbertsioei aurre egiteko izango da Araba Euskaraz jaia datorren urtean; ekaina bitartean, abian da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu