Basurdeek gaitzak hedatzen dituztela dio ikerlari batek

Jose Francisco Ruiz-Fons espainiar albaitariak hitzaldi bat eman du Zizurkilen, Enbak antolatuta.

Jose Francisco Ruiz-Fons hizketan, gaur, Zizurkilen. FOKU
2020ko martxoaren 3a
19:01
Entzun

Jose Francisco Ruiz-Fons espainiar albaitari eta ikerlariak basurdeen ugaltzearen ondorioz hedatzen diren gaixotasunez ohartarazi du Zizurkilen (Gipuzkoa), Enba Euskal Nekazarien Batasunak Fraisoro nekazaritza eskolan antolatutako hitzaldi batean. Basurde asko tuberkulosiak jota daudela esan du, eta gaitz hori kutsatzen dietela ganaduari, ardiei eta bestelako animaliei. Baserritarren lursail, belardi eta baratzetan ere kalteak eragiten dituztela adierazi du. «Ikaragarrizko gainpopulazioa dago Europa osoan».

Ruiz-Fonsen esanetan, «arazo» horren arrazoien artean daude nekazaritza eremuak jendez husten ari direla, nekazaritzako produkzio berriak, klima aldaketa —gero eta negu epelagoak—... «Basurdea gero eta erosoago dago». Adierazi du zailtasunak izanda ere azkenean basurdeek lortzen dutela baliabideak aurkitzea eta tokian-tokian egokitzea.

Neurriak hartu beharraz mintzatu da. Uste du haien populazioa murrizteko aliatuak ehiztariak direla, baina guztia haien esku ez dela jarri behar. Eman dituen datuen arabera, Gipuzkoan 2010ean 600 basurde ehizatu zituzten, eta duela lau urte, 1.200. Baina gero eta basurde gehiago dago.

Beste neurri batzuen artean aipatu ditu txertoak, lur eremuetako segurtasun neurriak —hesiak, kasurako—, hondakinen kudeaketa... Nabarmendu du ez dagoela formula bakar bat basurdeen arriskuari aurre egiteko; batzuk hartzen joan behar da, haren arabera, eta leku bakoitzean egokitze lanak egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.