Atzo goizean Basurto eta Bilbo arteko A-8 autobidea erabili zutenek zail izan zuten beren helmugara atzerapenik gabe heltzeko. Goizeko seietatik eguerdia bitartean, 20 kilometro inguruko auto ilarak sortu ziren Bilbo inguruetan, Bilboko Udala autobidean bertan egiten ari zen lan batzuen ondorioz. Iluntzean oraindik zirkulazioa arazoak zeuden Kantabriarako (Espainia) norabidean.
Basurtotik pasatzen den A-8 autobidearen gainetik oinezkoen bidea egin du Bilboko Udalak duela gutxi, eta atzo, pasabidea konpontzeko lanak zirela eta, itxita egon ziren goizeko lehen orduetan Kantabriarako noranzkoan dauden hiru lerroak eta Donostiako noranzkoko lerro bat. Bilbora sartzeko Sabino Arana etorbidea ere itxita egon zen.
Bilboko Udalak Basurtoko oinezkoen pasabideko lanak gauez egiteko asmoa bazuen ere, goizaldeko bostak inguruan istripua gertatu zen oinezkoen pasabidea osatzen duten betoizko bloke batekin eta ondorioz, lanak uste baino gehiago luzatu zirela azaldu zuen Tito Acevesek, Bilboko Udaleko Lan eta Zerbitzu saileko azpiegitura eta mantentze zerbitzuetako zuzendariordeak.
Lanak atzeratzearen ondorioz, goizeko seietan auto-ilarak hasi ziren; Donostiako noranzkoan Gallartatik Basauriraino zeuden auto ilarak eta kontrako noranzkoan, Bilbora sartzeko lehen sarbidetik Barakaldoraino milaka auto zeuden pilatuta. Bilbotik ateratzeko ere arazoak zeuden Sabino Aranan. 11:30ak arte ez zen konpondu.
GIDARIAK, HASERRE. «Gutxitan ikusten diren trafiko ilara luzeak eragin ditugu eta horregatik barkamena eskatzen dugu», esan zuen Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Baina barkamena eskatu arren, kolapsoan harrapaturik gelditu ziren gidariek ez zuten euren haserrea baretu. Aitor Bedialauneta eta Iratxe Aristi auto-ilaran harrapatuta zeuden gidarietako bi ziren. «Bilbora sartzeko puntu honetan,egunero milaka kotxe ibiltzen dira. Hori jakinda, hau ezin da barkatu. Trafikoa arintzeko ibilbide alternatiboak bilatu ondoren hasi behar ziren lanak egiten. Portugaletetik Bilbora joateko bi ordu behar izan ditut», kexu zen Bedialauneta.
Agintariek halako egoera baten aurrean jarrera egokia erakutsi beharko dutela erantsi zuen Aristik. «Beraiek dira erantzukizuna dutenak eta barkamena eskatu beharko lukete. Hau gehiegizkoa da, arduragabekeriaz jokatu dute. Ez al dute ikusten egunero zenbat kotxe pasatzen diren leku honetatik?».
Oinezkoen pasabidea duela aste bat eraiki zuen Bilboko Udalak. Baina pasabidea osatzen duten betoizko bloke batek pitzadurak zituela konturatu ziren langileak. «Zama handia duten zatiak dira betoizko bloke hauek eta Bilborako bidean pitzadura txikiak egin zitzaizkion. Ez zuen jausteko arriskurik baina hobeto zen lehenbailehen berria ipintzea», azaldu zuen Acevesek lanen zergatia. Pasabidea konpontzeko asmo honekin, herenegun, 21:30ak aldera, Basurtotik eta Bilbotik pasatzen den A-8 autopistaren zatian lau errail itxi eta bi geratu ziren zabalik. A-8ak Sabino Aranara duen sarbidea ere itxi egin zuten. «Astegun gauean egitea zen egokiena, larunbat eta igande gauetan trafiko gehiago egoten delako». Hala, asteazken gauetik ostegun goizeko seiak arte eremu honetako errail batzuk itxita edukitzea zen Udalaren hasierako asmoa. Baina atzo goizaldeko bostetan, oinezkoen pasabideko lanak bukatzen zeudela, ezustekoa gertatu zen. «Betoizko blokea kamioi gainean jartzen geundela, erdibitu egin zen eta 40 metro luze zituen kamioia matxuratu zen. Istripuak guk uste baino atzerapen handiagoa eragin zuen eta horregatik izan dira goizean trafiko ilara luzeak. Zorte txarra izan dugu».
16 ZAURITU ARRIGORRIAGAKO ISTRIPUAN. Bilbo inguruan sortu zen kaosari Arrigorriagan A-68 autobidean jazo zen istripua gehitu zitzaion atzo. Istripua goizeko 08:15ean jazo zen, 18 autoren artean. Guztira, 16 zauritu eragin zituen istripuak eta Basurto, Gurutzeta eta Galdakaoko ospitalera eraman zituzten zauriak artatzera. Autoek Bilbora bidean errepidean traba egiten zutela-eta, Ertzaintzak BI-625 errepidetik desbideratu zuen zirkulazioa.
Bestalde, moto gidari bat larri zauritu zen atzo arratsaldean Karrantzan BI-630 errepidean motoak eta auto batek elkar jo zutenean. I.B.C. 23 urteko moto gidaria helikopteroan eraman zuten Basurtoko ospitalera.
Basurtu parean pasabide bat jartzeko lanek kaosa eragin zuten atzo A-8 autobidean
Iluntzean oraindik guztiz bere onera etorri gabe zegoen trafikoa Bilbo inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu