Iñaki Antiguedad Amaiurreko parlamentari hautatu berriak gaur goizean esan du koalizioa eta EAJ elkarrekin hitz egitera "kondenatuak" daudela, baina Madrilen baino gehiago akordioak Euskal Herrian lortu behar direla gaineratu du. Amaiurrek marko juridiko-politikoa eta modelo sozio-ekonomikoa aldatzeko lan egingo duela aurreratu du Antiguedadek.
"Orain dela gutxi Erkorekak zioen lan harremanen markoa osatzen duten instrumentu guztiak Euskal Herrira ekartzearen aldekoak direla. Politika ekonomikoko instrumentu handi horietan akordioetara heldu gaitezke, baina aintzat hartu behar da zenbait gauza hemendik egin ditzakegula, transferentzia gehiago izateko beharrik gabe", esan du.
2015. urtea, hizpide
Bere hitzetan ez da hau "lau edo bost" transferentziaz hitz egiteko unea. "EAJ 2015. urteaz mintzo da; goazen ba 2015 horretan dagoenaz hitz egitea eta horra nola heldu gaitezkeen; badaude akordioak egiteko". Madriletik ezezko bat baino gehiago jasoko dutela iragarri du Antiguedadek, eta kasu horietan Europara joateko aukera badagoela aipatu du.
Mariano Raxoi datorren Espainiako presidenteari zuzendu zaio gaur goizean Antiguedad eta esan du Espainaren "lurraldetasun krisia" kudeatu beharko duela. Horregatik emaitzak aztertzeko behar duen denbora hartzeko eskatu dio.