Bat ez, bi lege proposamen ukanen ditu euskarak

Hizkuntza gutxituen aldeko beste lege proposamen bat aurkeztu diote Frantziako Parlamentuari

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
UMPko diputatu batzuek, Marc Le Fur Bretainiako diputatua buru, hizkuntza gutxituen aldeko beste lege proposamen bat aurkeztu diote Frantziako Parlamentuari. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteakhitzemandako hizkuntza gutxituen lege xedea bertan behera geldituko zela jakin orduko, Bretainia, Alsazia, Euskal Herri, Katalunia, Korsika eta Okzitaniako hainbat diputatukhizkuntza gutxituen aldeko ikerketa talde bat ostatu zuten Frantziako Parlamentuan. Talde horretan,alderdi politiko gehienetariko diputatuak zeuden, eta elkarrekin landu zuten lege proposamena. Alta, datorren urteko kantonamendu hauteskundeen atarian, talde horren baitako kohesioa hautsi da, eta bat izan beharrean, bi lege proposamen aurkeztu dituzte.

Armand Jung PSko diputatu eta ikerketa taldeko presidenteak aurkeztu zuen lehen proposamena, abenduaren 7an. Marc Le Fur Bretainiako diputatuak ez zuen azkenean izenpetu, eta bertze proposamen bat osatuko zuela jakinarazi zuen. Azkenik, 60 diputatuk izenpetu zuten Jungen proposamena, horien artean UMPko hamarrek. Le Furren proposamena UMPko diputatuek eta zentristek izenpetu dute.

Jungen proposamenaren aldean bertze indar bat duela dio Le Furrek. Lehenik eta behin, 2008an hizkuntza gutxituen aipamena Frantziako Konstituzioan ezartzea lortu zuten diputatuen taldea dago. «Proposamen horren barnean elkartzen dira Euskal Herriko diputatu guztiak, Kataluniako guztiak, korsikar eta bretoi gehienak eta alsaziar guztiak bat salbu», esan du Le Furrek. Proposamena izenpetu ez duen alsaziar diputatu bakarra Jungbera da.

Jungek proposamena aurkeztu bezain laster, bertze bat aurkeztuko zuela adierazi zion Le Furrek BERRIAri. Alta, elkarrizketa berean aitortu zuen funtsezkoa dela Frantziako Gobernuarekin adostasuna erdiestea. Horretarako, Jungen proposameneko hainbat puntu kendu behar zirela jakinarazi zuen. Gisa berean, ezkerreko diputatuek Le Furren proposameneko hainbat artikulu kentzeko eskatu zuten. Adostasuna ezin lorturik, eta presio politikoak tarteko, bakoitzak bat aurkeztea deliberatu dute. Euskalgintzako gizarte eragileek diputatuen zatiketa gaitzetsi zuten, eta eraginkortasuna eskatu.

Europak ere bai

Estrasburgoko Parlamentuak ere hizkuntza gutxituen aldeko txosten bat onartu zuen atzo.585 boz alde, 10 kontra eta 51 abstentzio izan zituen. Txosten horretan diote hizkuntza gutxituak Europako kultur altxorra direla. Ez du neurri zehatzik jasotzen, baina nazioarteko akordiak errespetatzeko eskatzen du, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna eta Gutxiengo Nazionalen Babeserako Esparru Hitzarmena, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.