Auzitegi Nazionala

Batasuna: "Euskal Herrian ez dago prozesu demokratiko bat abian jartzeko baldintza demokratikorik"

Joseba Permach Batasuneko mahaikidearen hitzetan ezin da prozesu demokratiko bat eraiki baldintza demokratikoak ematen ez badira eta Euskal Herrian ez dira ematen. Batasuneko Mahai Nazionalak “prozesuaren eta ezker abertzalearen aurkako eraso larritzat jotzen du” Arnaldo Otegiren espetxeratzea. Erasoei “ekimen ausarten bidez” erantzuteko deia egin diete herritarrei eta eragileei.

2006ko martxoaren 30a
16:29
Entzun
Arnaldo Otegiren espetxeratzea ezezik, Juan Joxe Petrikorenaren eta Juan Mari Olanoren espetxeratzeak gogoratu ditu Permachek Batasuneko Mahai Nazional berriak astebetean egin duen bigarren agerraldian. Baita Pernando Barrenak eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak ordaindu behar izan zituzten bermeak ere. Gainera ETAk su-etena iragarri eta astebete pasa aurretik astelehenean Ertzaintza bi lagun atxilotu zituela gogorarazi du. Batasunarentzat horiek guztiak, “oso larriak dira eta zalantzarik ez dago Espainiako Estatuak EAJren eta Ertzaintzaren laguntzarekin egindakoak direla”.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiko Gobernuko presidenteari ere zuzendu zaio Joseba Permach. Lehenik Zapaterok joan den astean esandakoak ekarri ditu gogora. Su-etena egiaztatuz gero uda baino lehen Kongresura joango zela esan zuen Zapaterok joan den ostiralean. Permachek azaldu dio Batasuna ere balantzea egiten ari dela eta “Batasunaren eta ezker abertzalearen aurkako erasoa iraunkorra” dela adierazi du.

Joan den astean, ETAren su-eten iragarpenaren ostean erantzun positiboa eskatu zien Batasunak Espainiako eta Frantziako agintariei. Gaur, Permachek adierazi du, “erantzun negatiboa” ematen ari direla. Zapaterori galdetu dio ea hori den “pozesua aurrera eramateko talantea” eta ea nola begiratu behar dien joan den astean prozesurako babesa eskaini zioten Europako agintariei Otegi bezalako solaskide bat espetxeratuta.

Hala ere, Permachek adierazi duenez, ezker abertzalearen ustez “zorionez badaude prozesu demokratikoak zabaltzeko aukerak baina hori ezin da ezker abertzalearen borondatearekin bakarrik egin”. Batasuneko mahaikidearen hitzetan ezin da ardura osoa ezker abertzalearen gain jarri.Horrexegatik azpimarratu duenez, “eragile guztientzat premiazkoa izan beharko luke” une honetan Euskal Herrian ez dauden baldintza demokratikoak ezartzea.

“Kartzelaratzeei, bermeei, jazarpen guztiei erantzun komuna eman behar zaie”. Dei egin diete eragile eta herritarrei “ekimen ausarten bidez” erantzuna ematera. Batetik hilabeteko azken ostiraletan Etxerat-ek antolatzen dituen elkarretaratzeetan parte hartzeko deia; une honetan lau preso gehiago eta lau sakabanatu gehiego daudelako, besteak beste.Eta bestetik Bilbon larunbatean, apirilak 1,egingo den manifestaziora joateko gonbita luzatu diete “herritar guztiei alderdi batzuk esandakoaren gainetik”. Bertan “prozesuaren aldeko indarra eta grina” erakusteko aukera izango delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.