Euskal presoak
Batasuna: "Gatazkaren irtenbidea lortzeko ezinbestekoa da presoen estatus politikoa onartzea"
Gaur gauerdian Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren laugarren txanda sartu da itxialdian, joan den urtarrilaren 3an hasitako borrokaldiari jarraipena emateko. Hori dela-eta, Batasunako hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin dute Martuteneko espetxearen aurrean. Batasunako kide Joseba Alvarezek adierazi duenez, "gatazka politikoa konpontzeko presoen hitza kontutan izan behar da. Euskal preso politikoei estatus politikoa aitortu behar zaie, presoek ere euren hitza izan behar dutelako gatazkaren konponbidean".
Bestalde, mobilizazioak egingo dira gaur Euskal Herriko hiriburu eta herrietan presoen aldeko borroka eguna dela-eta. Baionan giza katea egingo dute 18:30ean; Donostian, Bulebarretik irtengo da manifestazioa, 19:30ean; Bilbon 20:00etan egingo dute, Plaza Zirkularretik; Gasteizen 20:00etan izango da manifestazioa; eta Iruñean Gaztelu plazatik aterata, 19:30ean egingo da manifestazioa. Herrietan eta eskualde buruetan ere egingo dituzte protestak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu