Ostiralean bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren galdeketarako lege proposamena, eta gaur Batasuna, “formak, edukiak eta asmoak ikusita, oso kritiko” azaldu da egitasmoarekin. “[EAEkoak ez diren] Beste herrialdeak baztertu egiten ditu. Euskadin hasten eta Euskadin bukatzen den egitasmoa da”. Hala adierazi dute Baionan emandako prentsaurrekoan Xabi Larralde eta Jean Claude Agerre Batasuneko mahaikideek. “Euskal lurraldeak zatitu egiten ditu eta euren arteko hartu-emana zaildu. Badaude beste soluzio modu batzuk, erabaki sujetoan oinarritutakoak”.
Dena den, ez dute agertu lege proposamenaren alde edo kontra dauden, ezta Batasunak bozketan zer egingo lukeen ere. EHAK-k ere ez du oraindik bere jarrera jakinarazi. "Gatazka behin betiko bukatzeko aukerak badaude oraindik, eta erantzukinez jokatu behar da, ez bakoitzaren alderdiaren mesedetan", esan du Xabi Larraldek.
Batasunaren ustez, Jaurlaritzaren egitasmoa “hauteskundeetara begira egindako operazioa” da. “Euskal herritarrek gatazka gainditu egin nahi dute, bakearen beharra dute, eta Jaurlaritzak horretaz baliatu nahi du”. EAJk, EAk eta EBk osatzen dute Eusko Jaurlaritza, eta Batasunak EAJ kritikatu du. “Boterean segitu nahi du; ez du nahi gatazka bukatzeko bidea aurkitzea”.
Legez kanpo ere kontsulta egitearen alde dago EA
EA kontsulta egitearen alde azaldu da, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatuko balu ere. "Izan ere, horren gainetik dago herritarren borondatea", esan du Unai Ziarreta EAko lehendakariak.
Herri galdeketa arazoak "konpontzeko" tresna dela iruditzen zaio Ziarretari.
Egibar: "Kontsulta galaraziz gero, neurri bereko erantzuna eman beharko litzateke"
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketa galarazten badu, "neurri bereko erantzuna eman beharko litzateke", Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarrreko lehendakariaren iritziz. Ez du esan, baina, erantzunak nolakoa izan beharko lukeen.
Lopez: "EHAK-k baiezkoa emango du, enfrentamendua probokatzeko"
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, EHAK-k ostiralean "baiezkoa emango du, bere ustez hori delako onena herri honetan gatazka eta enfrentamendua probokatzeko". EHAK-k ETAren indarkeria ez duela gaitzesten adierazi du Lopezek, "baina Ibarretxek haien babesa nahi du, alderdi demokratikookin akordioa bilatu beharrean".
Azkaratek dio gizarteak "normaltasunez" hartzen duela galdeketa
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du alderdi politikoek eta komunikabideek galdeketaren aukera "urduri eta irainak eginez" hartu duten bitartean, gizarteak "normaltasunez" hartu duela, "demokrazia gauzatzea litzatekeelako".
"ETA bere lekuan utzi nahi dugu, eta alderdien arteko elkarrizketari eta akordioari 'bai' esan", adierazi du gaur Azkaratek. Horri denari ezezkoa ematea "ez ulertzekoa" izan daitekeela uste du.
Politika
Batasuna “oso kritiko” dago galdeketarako lege proposamenarekin, “beste herrialdeak baztertzen dituelako"
Ostiralean Eusko Legebiltzarreko bozketan ere "erantzukinez" jokatu behar dela dio Larraldek, "ez bakoitzaren alderdiaren mesedetan". Jaurlaritzaren egitasmoa “hauteskundeetara begira egindako operazioa” dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu