Ibarretxe proposamena

Batasunak "alde onak" ikusten dizkio planari, baina "gatazka ez duela konpontzen" azpimarratu du

Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioak osoko zuzenketa aurkeztu dio Ibarretxe planari. Joseba Permach SAko parlamentarioak adierazi duenez, "alde onak" baditu planak, baina ez dago ados planarekin "gatazka ez duelako konpontzen". Datorren astelehenean amaitzen da Estatutu berri baterako proposamenari zuzenketak aurkezteko epea, eta SAk datorren astean atalkako zuzenketak aurkeztu dituela esan du Permachek. Orain arte PSE-EEk, UAk eta SAk aurkeztu dituzte osoko zuzenketak.

2004ko otsailaren 2a
19:48
Entzun
SAk EAEko Legebiltzarrean dituen parlamentarioez gain, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko Batasuneko kideak izan dira gaur Gasteizko Legebiltzarrean osoko zuzenketa horren lekuko zuzenak izateko. Datozen egunetan atalkako zuzenketak aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritzak iazko urriaren 25ean onartu zuen Estatutu berri baterako proposamenari, Permachek zehaztu duenez.

SAko parlamentarioaren esanetan, Ibarretxe planak "alde onak " ditu, horien artean "une egokian" aurkeztua izan dela, "une honetan egungo marko juridiko-politikoari eztabaida zabalik baitago". Proposamena "elkarrizketarako aukera" dela nabarmendu du, baina ezker abertzaleari ETA gaitzesteko eskatzea kritikatu du hitz egiten hasi ahal izateko, "guk ez baitiogu inori eskatzen 25 urte hauetan izan duten jarrera gaitzestea".

"Alde onak" ikusi arren, SA ez dagoela planaren edukiarekin "ados" esan du Permachek, "haren helburua ez baita gatazka gainditzea, baizik eta Estatuaren akordio berri bat adostea". Permachek zehaztu duenez, arrazoi horiengatik aurkeztu diote planari osoko zuzenketa. Halaber, Permachek esan du SA beste alderdi batzuekin akordioetara irits daitekeela, azken testuak "Euskal Herriarentzako autodeterminazioaren aldeko defentsa egiten badu".

Permachek azpimarratu duenez, "egunen batean negoziatu beharko da Espainia eta Frantziarekin", baina euskal herritarrok erabakitakoa nola errespetatzen duten ikusteko bakarrik.

"Ibarretxe proposamenak gatazka politikoa Euskal Herri osoan gainditzea bilatzen badu, proiektu guztiak berdintasunean garatzeko baldintzak baldin badaude eta hiritarrek euren etorkizuna erabakitzeko ahalmena izango balute SAk testu horren alde egingo luke", nabarmendu du Permachek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.