EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Batasunak bakearen alde egiteko eskatu die PSE-EEri eta EAJ-EAri

«Gatazka gaindituko duen prozesua» abian jartzea proposatu die

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
BILBO
2005eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Batasunak atzoko hauteskundeetako emaitzak ikusita, deia egin die bai PSE-EEri eta Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori, bai EAJ-EA koalizioari: gaur bertan gatazka gaindituko duen prozesua abian jarri,eta «bakea, askatasuna eta justizia herri honetan, bertoko panorama politikoan behin betiko indartu dadin».

Arnaldo Otegik egin zuen eskaintza, Batasuneko mahaikide guztiak atzean zituela. Poz-pozik agertu ziren ezker abertzaleko buruak Bilboko hotel batean egindako agerraldian. Batasuneko militante gutxi batzuk ere bertan zituzten, EHAK alderdiak lortutako emaitzekin «mozkortuta», Otegiren berbetan.Batasunaren iritziz, argi dago lehentasuna orain «bakea egitea» dela, betiere «demokrazian oinarrituta» egongo den bakea. Atzoko emaitzek argi utzi dute, Batasunaren aburuz, Anoetan egin zuen proposamena «indarberrituta» atera dela eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek bat egin dutela «guztion arteko akordioaren alde, bakearen alde eta, azken batean, jokaleku demokratiko baten alde».Emaitzak euskal presoei eta Espainiako Auzitegi Nazionala epaitzen ari den gazteei eskaini zizkien Otegik, aurrean zituen kideen txaloen artean: «Haiena ere bada gaurko garaipena». Amaitu, egindako deia berretsiz amaitu zuen: «Ezker abertzaleak eta Batasunak eskuak luzaturik dauzkate bihartik aurrera herri honetan egin behar dena egiteko, bakea eta demokrazia ekarriko duen jokaleku bat guztiona, eta guztiontzat, eraikitzeko». Agerraldiaren ostean, Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak eta haiekin ziren burkide guztiak musika talde bat aitzindari zutela kalejiran abiatu ziren Casillaraino, bertan ziren EHAK alderdiko kideei zorionak eman eta haiekin emaitzak ospatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.