Martxoan izango diren kantonamenduetako bozetara AB EH Bai koalizioaren barnean aurkezteak erreakzioak sortu ditu. Larunbatean hartu erabakiak ezkerreko alderdi abertzaleak «poztu» ditu; haatik, Europe Ecologie penaturik agertu da AB EH Bairen barnean joango delako.
Batasuneko bozeramaile Xabi Larraldek erabakia «baikortzat» jo du, abertzaleen arteko elkarlanari «bultzada» ematen diolako. Haren irudiko, elkarlana «ezinbestekoa» da Euskal Herria dagoen fase politiko berrian. EAko bozeramaile Mattin Etxeparek ere berri «oso ona» dela dio.
Azkenaldian, Batasuna, EA, EAJ, Europe Ecologie eta alderdi sozialistarekin bildu da AB, elkarlana posible zen ikertzeko.
EH Bairen hautua ikusirik, «penaturik» agertu da Alice Leiziagezahar, Akitaniako Europe Ecologie zerrendako kontseilaria.
Nahiz argi ukan ez zela «ezer segurtaturik», ABrekin joatea «gustatuko» litzaiekela aitortu du. ABrekin abiatu balira, hamar kantonamendutan aurkeztuko ziren, bakarrik joanik haatik ez. Ondoko egunetan hasiko dira argitzen non eta nola aurkeztu.
Hastapen batean ez zeuden prest alderdi abertzale guztiekin joateko, baina azkenaldian «egingarritzat» ikusten zuten aukera. Haatik, aukera horri buruz Larraldek argi du: «Hasieran aurka ginen, eta gaur ere aurka gara».
6 ala 7 hautagai nahi ditu ABk
EH Bairen mozioari zuzenketa bat gehitu zioten larunbatean. Hamar kantonamenduen artean sei edo zazpitako zerrenda buruak ABkoak izatea eskatuko dute. Larralderi eskaera arraroa iruditu zaio, «orain arte ez delako inoiz holako baldintzarik pausatu». Kandidatura «herritarrak» nahi direnez osatu, ordezkariak «tokian tokika» erabakiko direla uste du. Hots, «ezer inposatu gabe», oinarriko militanteek erabaki beharra dutela azaldu du.
Martxoaren 20 eta 27an iragango dira Ipar Euskal Herriko 21 kantonamenduetarik hamarretan. Aitzineko kantonaletan zatiturik aurkeztu ziren abertzaleak.
Batasunak eta EAk pozik hartu dute Abertzaleen Batasunaren erabakia
Gaur egun Euskal Herria dagoen fase politikoan, koalizio hau «ezinbestekoa» dela dio Batasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu