Jaurlaritzak deituta datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan izango direla iragarri zuen igandean PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek, nahiz eta garbi utzi zuen ez datozela leloarekin bat. Gaur baldintza zehatza jarri du manifestazio horretan izateko: Batasunak ez parte hartzea.
"Atentatua gaitzetsi ez dutenekin, ETAren aginduetara makurtu eta elkarrizketarako ezinbesteko oinarri den indarkeriarik eza lehertarazi dutenekin batera ez gara izango manifestazio batean", adierazi du SER irrati katean aukera horri buruz galdetu diotenean.
Jaurlaritzako kontseilu politikoak —Ibarretxe lehendakariak, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta Javier Madrazo Etxebizitzakoak— atzo egin zuten manifestazioaren deialdi ofiziala. Bakea eta elkarrizketaren alde izango du, eta 17:00etan hasi da Bilbon. Esan bezala, atzo egin zuten deialdi ofiziala, baina dagoeneko iragan asteburuan iragarri zuten egingo zutela. Ondorioz, alderdiak manifestazio horretan izango diren edo ez zehazten joan dira egunotan, eta Batasunak parte hartuko duen ez du adierazi baina aukera hori ez du baztertu.
PSE-EEko buruzagiak, berriz, manifestazioan izateko prestutasuna agertu du, baina lehen aipatutako baldintza hori jarrita. Lopezek berriro agertu du ez datozela bat Jaurlaritzak aukeratutako leloarekin, baina "demokraten batasuna" irudikatze aldera ekitaldian izango direla.
Batasunak manifestaziora joatea guztiz ez baztertu izana Ibarretxe lehendakariaren "anbiguotasunak" eragin du Lopezen iduriko, eta EAJko presidente Josu Jon Imazek bestelako jarrera erakutsi duela nabarmendu du; hots, Batasunak indarkeria gaitzetsi arte ez dutela indar horrekin harreman politikorik izango agertu duela.
ETAren azken agiriari dagokionez, "gustu txarreko txantxa" dela esan du.
Politika
Batasunak larunbateko manifestazioan parte hartzen badu PSE-EE ez da joango
Hala iragarri du Patxi Lopez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiak. Jaurlaritzak deitu duen manifestazio horren leloarekin ez daudela ados berretsi du, baina "demokraten batasuna" irudikatzeagatik parte hartuko dutela. "Anbiguoa" izatea egotzi dio Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari. ETAren komunikatua "gustu txarreko txantxa" dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu