Pernando Barrena Batasuneko bozeramailea pozik agertu da Estrasburgoko Auzitegiak Batasunak aurkeztutako auzi eskaera tramitera onartu izanaz. Haren arabera, “lorpen politiko eta juridikoa” izan da erabaki hori, eta “Espainiako Gobernua Europako Giza Eskubideen Auzitegian eseri” dutela adierazi du. Tramitera onartzeak, behintzat, Espainiako Alderdien Legea “zalantzan” jartzen duela uste du Batasuneko bozeramaileak, Europako auzitegiak “posible” ikusten baitu Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean agertzen diren eskubideak zapaldu izana.
Hala ere, “zuhurtzia” erakutsi du Batasunak, Estrasburgoko Auzitegia ez baita oraindik “arazoaren muinean” sartu. Barrenak jakinarazi duenez, han helegiteen %1,5 soilik onartzen dute tramitera, eta kasuen %80an helegitea jartzen dutenen aldekoa izaten da sententzia.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak atzo jakinarazi zuen tramitera onartu duela Batasunak legez kanporatzea zela-eta 2004ko uztailean Espainiako Estatuaren aurka aurkeztu zuen auzi eskaera. Legez kanpo utzita, adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna urratu zituztela argudiatu zuen Estrasburgoko Auzitegian Batasunak.
Ibarretxe: "Sententzia beharrezkoa da"
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari “logikoa” dela iruditu zaio auzi eskaera tramitera onartzea, eta legez kanporatzearen inguruko sententzia “beharrezkoa” dela esan du.
Ibarretxeren arabera, “zentzugabekeria juridikoa eta politikoa” da Frantziako Estatuan Batasuna bozkatu ahal izatea eta Espainiakoan hala egin ez ahal izatea. “Batasuna hautestontzietan garaitu behar da, beste alderdi politikoak bezalaxe”, adierazi du.
Politika
Batasunak "lorpen politiko eta juridikotzat" jo du Estrasburgok bere eskaera tramitera onartzea
Europako Auzitegiak sententzia eman ez duenez, "zuhurtziaz" jokatuko dutela adierazi du Barrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu