EAJ ez dago prest ezker abertzalea Nafarroa Bairen barruan onartzeko. Iñigo Urkullu alderdiko EBBko buruak jakinarazi du hori, Madrilen emandako hitzaldian. Ezker abertzalea koalizioa «xurgatu» nahian ari dela pentsatzen du Urkulluk, eta argi esan du hori gertatzen baldin bada alderdi jeltzalea atera egingo dela koalizio horretatik. Europa Pressek antolatutako gosarian egin ditu hitzok, kazetarien galderei erantzunez. Haren arabera, ezker abertzalea NaBain sartu ahal izateko aurreneko urratsa da hura legezko izatea, «edozein markarekin izanda ere», eta gero, NaBaik bozetara begira 2007an onartu zituen oinarriekin bat egitea.
EAJren lehentasuna eta «beharra» bakea lortzea dela azaldu du Urkulluk. Orain bakerako aukera badagoela uste du, eta hori «aprobetxatu» egin behar dela dio. Bide horretan, Espainiako Gobernuari «babes osoa» eskaini dio: «Gobernuak gure denbora eta babesa ditu aurrera egiteko». Horretarako, ordea, «lege jakin batzuekin estutu» ordez, garai berrietarako politikak abiatu beharko lituzke gobernuak, EBBko buruaren arabera.
Espainiako aurrekontuak babesteko jeltzaleek lau arrazoi zituztela azaldu die Urkulluk Madrilen bildutakoei: «Egonkortasun instituzionala», «egonkortasun ekonomikoa», «autogobernuarekiko konpromisoa» eta «garai berrietarako aukera».
«Denbora» irabazi dutela uste du, eta denbora horrek «inori» kalterik ez diola egiten eta «guztiei on» egin diezaiokeela uste du. Denbora, krisiari aurre egiteko, autogobernua garatzeko, eta «orain arte ezaguna dugun indarkeria gabeko agertoki batean elkarbizitza sozial eta politikoaren alde lan egiteko». Orain, denbora hori ondo baliatzea da egin beharrekoa, jeltzaleen irudiko, bi erronka nagusi lortzera bideratuz: egonkortasun ekonomikoa, batetik, eta «Euskadin bakea lortzeko oinarriak jartzea», bestetik.
Nolanahi ere, denbora hori ondo baliatzen ari denik ezin da esan, EAJren ustez. Espainiako Gobernua ez du ikusten egoera ekonomikoari buelta emateko bide onetik. «Badirudi, datozen hauteskundeak irabazi asmoz bere irudia garbitzeko erabiltzen ari dela denbora».
Euskal Herriko egoerarekin, berriz, «zalantzak» dituztela azaldu du, ETAren «ekintza ofentsiborik» ez dagoen arren «estortsio eskutitzak» iristen direlako oraindik. Ez direla fidatzen eta ez direla fidatuko argitu du. Diskrezioaren aldeko apustua berretsi du, eta «isiltasun ituna» proposatu zuela ekarri du gogora; «ez gauzak ezkutatzeko, baizik eta ezerezari bueltak ematen jardutea saihesteko».
Zapatero koherente izango da
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak ere hizketagai izan ditu aurrekontuak. Josu Erkoreka diputatu jeltzaleari esan dio bere alderdiak «beti» izango duela gogoan Espainiako Gobernuari emandako babesa, eta horregatik etorkizunean «koherente» izango dela EAJrekin.
«Arduraz» jokatu du alderdi jeltzaleak, Zapateroren irudiko, eta aitortu du «egoera ekonomiko, politiko eta sozial honetan» ez zela erraza. Horregatik, Espainiako Gobernua «oso eskertuta» dagoela jakinarazi du.
«Batasunak NaBai xurgatzekotan», EAJ atera egingo dela dio Urkulluk
Aurrekontuengatik EAJri eskertuta dagoela eta jarrera «koherentea» izango duela esan du Rodriguez Zapaterok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu