Politika

Batasunak Zapateroren adierazpena "positiboa eta sakonera politiko handikoa" dela iritzi dio

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ETArekin hizketan hasiko dela iragarri du gaur. Adierazpen horren aurrean, "premiazko balorazioa" egin du gaur Batasunak. Pernando Barrena Batasuneko kideak azpimarratu duenez, "Espainiako Gobernuk presidenteak egindako adierazpena, adierazpen positiboa eta sakonera politiko handikoa" da. Bereziki garrantzitsutzat jo du Batasunak "euskal herritarren erabaki librea errespetatzeko konpromisoa hartu duelako".

2006ko ekainaren 29a
19:06
Entzun
Gaurkoa Batasunaren premiazko balorazioa dela nabarmendu du Barrenak eta bihar irakurketa zabalagoa egingo dutela. Hala ere, Barrenak azaldu du bi puntu nagusitan ikusten duela Batasunak adierazpenaren "positibotasuna". Batetik, "Espainako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketa esparrua abian jartzen duelako" eta bestetik, "euskal herritarren erabaki librea errespetatzeko konpromisoa hartu duelako Espainiako Gobernuak Rodriguez Zapateroren ahotan".

Zapateroren iragarpena

ETArekin harremanak abiatuko dituela jakinarazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, Kongresuan egin duen agerraldian. Zapaterok nabarmendu du erakunde armatuarekin ez duela auzi politikoei buruz hitzegingo; gai horien eztabaida "herritarren ordezkari legitimoei dagokioela" zehaztu du. Ildo horretatik, "euskal herritarrek askatasunez" hartutako erabakiak errespetatzeko konpromisoa hartu du. Nolanahi ere, Alderdien Legeari eutsiko diola agertu du.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak Kongresuko talde parlamentario guztietako ordezkariekin batzarrak egin ditu goizean zehar auzi horren inguruko asmoen berri emateko. Bilera horiek guztiak bukatu eta gero, eguerdiko ordubiak aldera, egin du Zapaterok iragarpena, Kongresuaren sarrerako aretoan, kazetarien aurrean, agiri instituzional baten bidez.

Bakerako aukera inoiz baino handiagoa dela esan du Zapaterok: ETAk su-eten iraunkorra eman zuela martxoaren 22an, eta duela hiru urtetik ez duela inor hil nabarmendu du. Ildo horretatik, lehenago ere bakea posible zela ematen zuen boladetan beste gobernuburu batzuek ere halako saioak egin zituztela azpimarratu du: Felipe Gonzalezek zein Jose Maria Aznarrek.

ETArekin elkarrizketan hastean Espainiako Gobernuaren asmoa bakea lortzea dela gaineratu du, baina bakearen truke ez dutela ordain politikorik emango esan du behin baino gehiagotan. Hain justu, ETArekin hizketan hasiko direla iragartzean, elkarrizketa horietan ez direla auzi politikoaz mintzatuko nabarmendu du: eztabaida hori "herritarren ordezkari legitimoei" dagokiela.

Erakunde armatuarekin hitzegitea ez ezik, bakea eta normalizaziorako bidean euskal gizartean elkarbizitza hitzarmen sendo bat lortu behar dela adierazi du. Gobernuak "euskal herritarrek askatasunez"hartutako erabakiak errespetatuko dituela erantsi du. "Euskal herritarrek askatasunez, lege arau eta prozedurak, metodo demokratikoak, herritarren eskubide eta askatasunak betez, eta indarkeriarik gabe hartzen dituzten erabakiak errespetatuko ditu Gobernuak", hitzeman du.

Dena den, elkarbizitza hitzarmen horrek indar politikoen artean ahalik eta adostasunik handiena eskuratu behar duela, euskal gizartearen pluraltasuna errespetatu behar duela, eta legea errespetatuz egin behar dela erantsi du, eta, beraz, Batasuna legez kanpo utzi zuen Alderdien Legeari indarrean eutsiko diotela.

Beste hainbatetan bezala, prozesua luzea eta zaila izango dela agertu du, eta ETAren biktimen oroimenari erabateko begirunea izango diotela.

PPrena ezik, gainerako indar politikoen babesa bildu du

Ñabardura desberdinak jarriz, baina Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiek babestu dute Zapateroren ekimena, PPk ezik. Eskuineko alderdi horretako presidente Mariano Raxoik adierazi du Gobernuak ez duela beren bermerik izango elkarrizketak hasteko "baldintzarik" ez dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.