«Absurdua eta arduragabekeria litzateke ezker abertzalearen barruan gauzak gertatzen ari direla ukatzea». Horixe esan du Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak Correo egunkariari eskainitako elkarrizketan. Haren irudiko, Gobernuak ezin ditu «albo batera utzi» ezker abertzalean «gertatzen ari diren gauzak». Ezker abertzaleak eta ETAko «sektoregarrantzitsu» batzuek ondorioztatu dute indarkeriarekin segitzeak «kutsatu» egiten duela berau hasi zuten arrazoia, eta hori aintzat hartzekoa dela dio Jauregik.Hala ere, ez du uste legealdi honetan ETA amaituko denik, «behin betiko erabakia behintzat, ez da epe horietan izango».
ETAren amaiera, baina, gertu dagoela esan du: «Ez dakigu noiz bukatuko den ETA, baina amaiera fasean sartu gara. Zuhurtzia, inteligentzia eta kontsentsu handia beharko ditugu». Hala, bake aukera Gobernuaren mahai gainean dagoela esan du ministroak, Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteorde eta Barne ministroarekin «bake prozesuari buruzko edozer gaitan zuzeneko harremana» izango duelako.
EAJ bakearen alde
Bestalde, Andonio Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak argi utzi du EAJ «engaiatuta» dagoela Euskal Herrian sortu den «aro politiko» berriarekin, eta bakearen alde lan egiten ari dela. «Diskrezioz» baina «tinko» ari da parte hartzen EAJ bakearen alde, haren esanetan. 2011ko udal hauteskundeetarako Mungialdeko (Bizkaia) hautagaien aurkezpen ekitaldian mintzatu da EAJko burua. EAJk ez duela bakerako aukerarik «zapuztuko» esan du, eta ezker abertzaleari, «hitz eta agiri gutxiago» eta «ekintza gehiago» eskatu dizkio .
Patxi Lopez lehendakariaren kudeaketa ere kritikatu du Ortuzarrek. EAJren eta PSOEren arteko aurrekontu itunak agerian utzi du batetik lehendakariak ez duela «batere» agintzen eta bestetik EAJk oposiziotik ere herriarekin konpromisoa duela, haren esanetan. Hori horrela, jeltzaleak «ekimen politikoa» hartzeko prest daudela ohartarazi du. Euskal nazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortuko duen esparru juridiko-politikoa lortzeko lanean ari direla azaldu du Ortuzarrek.
«Batasunan gertatzen dena» ezin dela alboratu dio Jauregik
Aro politiko berriarekin engaiatuta dago EAJ, eta «diskrezioz» parte hartzen ari da bakearen alde, Ortuzarren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu