Atzo, Batasunaren kontrako ekintzak hasi zireneko urteurrena zen, eta Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan elkarretaratzeak zeuden antolatuta. Ertzaintzak Donostiako, Bilboko eta Gasteizko elkarretaratzeak eragotzi zituen. Jarrera horren aurrean, Ertzaintzak hiru hiriburutan berdin jokatu zuela adierazi du Josu Jon Imazek, baina leku bakoitzeko baldintzak ezberdinak izan zirela. Halaber, Ertzaintza "legearen aurrean errespetuz" eta "arrazionaltasunez" jokatu zuela gehitu du Imazek.
Prentsaurreko horretan, Josu Jon Imaz ez da atzoko elkarretaratzeez bakarrik aritu hizketan. Espainiako presidente Jose Maria Aznarrek Menorkan esandako hainbat gauzei erantzun die Imazek. Ibarretxe lehendakariaren planaren kontrako fronte bat egin behar dela adierazi zuen Aznarrek. "Aznarren lehenengo helburua ez da ETArekin bukatzea, baizik eta nazionalismo demokratikoaren eta euskal gizartearen nahiaren kontra egitea", esan du Jaurlaritzako bozeramaileak. Imazen ustez, aurkari politikoekin bukatzeko ETA erabiltzen du Aznarrek.
Josu Jon Imazen ustez, indar guztiak ETAri aurre egiteko batu behar dira, eta ez proposamen politiko baten kontra egiteko. "Aznar eta Batasuna bat datoz biak Ibarretxe planari kontra egiten", adierazi du Imazek. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, 1979an, Gernikako Estatutua onartzeko mementoan ere, jarrera bera izan zuten bi taldeek. "Garai hartan, Alianza Popular eta Herri Batasuna ziren, eta bi taldeek euskal autonomiaren kontra borrokatu zuten", esan du Josu Jon Imazek.
Elkarretaratzeen debekua
Batasunaren aldeko kontzentrazioen auzian, EAEko Auzitegi Nagusiaren irizpideak jarraitu dituela dio Jaurlaritzak
Batasunaren aldeko elkarretaratzeetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpideak jarraitu zituela Ertzaintzak esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Jon Imazek. Halaber, Aznarren helburua ez dela ETArekin bukatzea adierazi du, baizik eta "nazionalismo demokratikoaren" eta "euskal gizartearen nahiaren" kontra egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu