Batasuna

Batasunaren Donostiako bulegoa zigilatu du Ertzaintzak

Arratsaldeko seiak eta hamar aldera ekin dio Ertzaintzak Batasunak Donostian, Belartzan, duen egoitza zigilatzeari. Bulegoa dagoen eraikinean jende asko zegoen bilduta, batik bat, kazetariak eta Batasuneko mahaikideak, baina kazetariak aterarazi egin dituzte han egoterik ez zutela esanda. Sei eta erdiak inguruan alde egin dute, bulegoa zigilatuta utzita. Ordubi eta erdiak aldera, berriz, Bilboko Egaña kalean beste bulego bat itxi dute.

2006ko urtarrilaren 19a
18:59
Entzun
Seiak eta hamar aldera hogeitamar bat ertzain eta idazkari judiziala sartu dira Belartzako eraikinera, eta lehendabizi kazetari guztiei ateratzeko agindu diete. Batasuneko mahaikide Joseba Permach, Joseba Alvarez, Jon Gorrotxategi eta Juan Joxe Petrikorenari, ordea, han geratzen utzi diete.

Hogei bat minutuz jardun dute zigilua jartzen: Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio epaitegiak agindu duela itxiera jartzen du zigiluak.

Bilbon, berriz, ordubi eta erdiak pasatxo zirela Ertzaintzako istiluen kontrako talde bat eta kalez jantzitako lau kide joan dira Bilboko Egaña kaleko 17. atarira. Han, laugarren pisuko bulego bat itxieta zigilatu dute, Batasunarena zela-eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz.

Gaur goizean Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du frogatu ahal izan dutela dagoeneko Batasunak ez duela bulego hori erabiltzen. Iturri horien arabera, joan den udan utzi zuen Batasunak bulego hori, eta jabeak alokagai jarrita dauka. Ondorioz, argibideak eskatu dizkiote Grande-Marlaskari: hau da, itxi eta zigilatzeko aginduarekin aurrera jarraitu edo ez. Agi denez, erantzuna baiezkoa izan da, esan bezala, azkenean zigilatu egin baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.