"Frogatu ahal zela uste genuena ezin izan dugu frogatu", adierazi zuen atzo arratsean Jean-Claude Marin Parisko Terrorismoaren Aurkako fiskal buruak Espainiako albiste agentzietako kazetariek Batasunaren kontrako sarekadei buruz galdetu ziotenean. Hots, Batasunaren eta ETAren artean "finantza lotura zehatzik" ez dutela aurkitu onartu du.
Irailaren amaieran eta hil honen hasieran egindako bi sarekadatan Ipar Euskal Herriko Batasuneko buruzagitza eta ezker abertzaleko hainbat lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Halaber, hainbat miaketa egin zituzten haien etxeetan zein ezker abertzalearen inguruko zenbait ostatutan. Hainbat orduz galdekatu ondoren aske utzi zituzten operazio bietan atxilotutako guztiak. Parisko auzitegiko eta poliziako iturriek agertu zuten ezker abertzalearen finantzaketarekin zutela ikusia sarekadek.
Nolanahi ere, operazio horien bidez informazio asko eskuratu dutela agertu du Marinek: "Finantziazio modu zehatza ezagutzeko behar adina dokumentazio eskuratu dugu". Ildo horretatik, ez du baztertu etorkizun batean Batasunaren eta ETAren artean diru loturak daudela aurkitzea.
Sarekada horiek Frantziako Estatuan Batasuna legez kanporatzeko urratsa ote diren ere galdetu zioten atzo arratsean kazetariek Marinik, eta oraingoz halakorik pentsatzeko goizegi dela erantzun zuen. "Egunen batean ekintzen lotura frogatzen bada orduan planteatuko dugu". Legez kanporatzea "erabaki larria" dela iritzi zion, eta arrazoi "handi eta frogatua" behar dela.
Politika
Batasunaren eta ETAren arteko loturarik ez du aurkitu Frantziak
Ipar Euskal Herriko azken sarekadak lotura horren bila egin dituztela agertu du Jean-Claude Marin Parisko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzako fiskal buruak. Oraingoz Batasuna legez kanporatzea ez dutela aurreikusten erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu