Pernando Barrenaren iritziz Batasunaren eta ezker abertzalearen kontrako azkenaldiko ekimenak porrot egin duen prozesuaren testuinguruan ulertu behar dira: "ezin dira negoziazio prozesuaren garapen eta amaieratik kanpo ulertu", azpimarratu du Iruñean, ezker abertzaleko dozenaka kideren aurrean, egin duen hitzaldian.
Izan ere, prozesu horrek ezker abertzalearen jarrera politikoa indartu egin duela uste du, eta horregatik ari direla beren aurka, "lan politikoarekin jarraitzerik izan ez dezagun". Aldiz, azken prozesuak Espainiako Gobernua ahuldu egin duela erantsi du, eta, besteak beste, hori ezkutatzeko ari direla Batasunaren aurka. "Egoera horretan kolpatu egiten gaituzte, baina, halaber, beren jarrera politikoaren erabateko ahuldadea uzten dute agerian".
Antzeko irakurketa egin du aste honetan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak izan duten bileraz, eta, ondoren, azaldu duten adostasunik ezaz: Barrenaren arabera, desadostasun horiek ez dira egiazkoak, martxoko hauteskundeei begirako irudikatzea baizik. "Haien helburua martxoko hauteskundeak dira, eta boz horien ondoren PSOEren eta EAJren artean izango den akordio dinamika ezkutatu egin nahi dute". Martxoko hauteskundeen ondoren PSOEk, batetik, eta EAJk eta Nafarroa Baik, bestetik, estatutuak erreformatzeko apostu bateratua egingo dutela ziurtatu du.
Politika
Batasunaren kontrako ekimenek Espainiako Gobernuaren "ahuldade politikoa" erakusten dute, Barrenaren iduriko
Aldiz, prozesuak "ezker abertzalearen jarrera politikoa indartu" duela uste du. Zapateroren eta Ibarretxeren arteko desadostasusnak ez direla egiazkoak erantsi du Batasuneko buruzagiak, baizik eta martxoko hauteskundeei begirako irudikatze bat. Iruñean, ekitaldi politiko batean, egin ditu adierazpen horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu