Politika

Batasunaren ustez, "faxismoa iritsi da Lizartzara, eta EAJren laguntza du"

Tolosako Epaitegiak Otaola alkateak lizartzar baten aurka mehatxuengatik aurkeztutako salaketa Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatea onartu zuen atzo.

2007ko irailaren 15a
13:35
Entzun
Tolosako (Gipuzkoa) Epaitegiak Lizartzako (Gipuzkoa) alkate Regina Otaolak (PP) bizilagun baten aurka mehatxuengatik aurkeztutako salaketa Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatea onartu duela-eta, Batasunaren ustez "Lizartzara faxismoa iritsi da, faxismoaren beste urrats bat izan da hori". Izan ere, Otaola alkate bada, hori Espainiako Alderdien Legearen ondorioz dela esan du Karmele Aierbek, "ez herritarrek nahi izan zutelako".

PP izan zen maiatzeko udal hauteskundeetan ofizialki aurkeztu zen alderdi bakarra, Espainiako auzitegiek EAE-ANV baliogabeturik utzi baitzuten. Herritar gehienek azken alderdi hori bozkatu zuten, alde handiz.

Lizartzan gertatzen ari dena EAJri ere leporatu dio Aierbek gaur, "Ertzaintzaren bidez PP bertan egiten ari denak babesa daukalako". Horri denari "EAJk laguntza leiala" ematen diola salatu du. "Ibarretxek dio euskal herritarrok izango dugula hitza eta erabakia. Non geratzen dira haren hitz politak?".

Irailaren 6an, festak hasi ziren egunean, istiluak izan ziren Lizartzan. Izan ere, udaletxeko balkoian Espainiako bandera ezartzea erabaki zuen Otaola alkateak. Herritarrek protesta artean jaso zuten erabakia, eta udaletxe parean elkarretaratzea egin zuten banderak ezartzen hasi behar zuten unean, Geurea ikurrina zioen pankarta bat zutela. Ertzaintzaren iturrien arabera, Peio Olano herritarrak Otaolari herio mehatxua egin zion, eta beste bi lizartzarrek PPko zinegotziak iraindu egin zituzten. Hiru lizartzarren aurka salaketa jarri zuen alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.