Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen ondorena

Batasunarentzat lehentasuna ez dela lehendakaria abertzalea izatea berretsi du Barrenak

Patxi Lopez PSE-EEren Jaurlaritzarako lehendakarigaiak kargurako aurkeztea eta alderdien babesa jasotzeko bilera txanda egitea erabaki duela eta, "eszenatoki guztiak" irekita daudela iritzi dio Batasuneko mahaikide Pernando Barrenak Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. Hain zuzen ere, Ibarretxerekin bildu ostean egin zuen bezala, Batasunarentzat lehentasuna ez dela lehendakari abertzale bat izatea esan du, baizik eta "bakebidea sustatuko" duen bat hautatzea. Ibarretxek eta Zapaterok Moncloan egin zuten bilerari dagokionez, zantzu positiboak sumatzen dituzte solasaldiko partaide guztiek: Barrenak berak, EAJko Markel Olanok, PSE-EEko Ramon Etxezarretak, EAko Sabin Intxaurragak eta EBko Mikel Aranak.

2005eko maiatzaren 6a
10:59
Entzun
Bi ardatz nagusiren inguruan aritu dira gaur Euskadi Irratiko politikarien solasaldiko partaideak; batetik, Ibarretxek eta Zapaterok atzo Madrilego Moncloa jauregian egin zuten bilerari buruz, eta, bestetik, Patxi Lopezen Jaurlaritzako lehendakaritzara aurkezteko asmoaren inguruan.

Ibarretxeren eta Zapateroren arteko bilerari dagokiola, zantzu positiboak sumatzen dituzte guztiek, eta "aro berri" baten sorrerren itxaropena ere aipatu dute. "Azken denboretak dinamikak ikusita arraroa da Espainiako presidenteak Jaurlaritzakoa hartzea, baina arrarotasun positiboa dela esango nuke", agertu du PSE-EEko Ramon Etxezarretak. "Itxaropena eta nahia batera dabiltza azkenaldi honetan. Iruditzen zait momentu honetan aldaketa borondate bat bederen badagoela, eta txanpa hau zerbaitetarako —besterik ez bada elkarrekin trago bat hartzeko— aprobetxatu beharko genukeela", erantsi du.

"Lehendakariak Moncloara joan aurretik argi utzi zuen bere lehentasuna zela herri honetan normaltasuna eta bakea lortzea. Beraz, uste dut horri buruz hitzegin zutela, eta hortaz mintzatzeak adierazten du aro berri batean sartzen ari garela", iritzi dio EAko Sabin Intxaurragak; "itxaropentsu nago", nabarmendu du.

Itxaropen bertsua agertu du EAJko Markel Olanok, baina atzokoa, lehen urratsa baino ez dela azpimarratu du: "Zapateroren diskurtsoa oso arraroa da Madrilen, eta, gainera, PPk presio handia egin arren eutsi egiten dio; hori oso positiboa da. Atzoko argazkia horren seinale da: alegia, nahiz eta lehendakariak bezperan Batasunekoak hartu eta horregatik Ibarretxek makilkada asko jaso, Zapaterok jarrera horri eusteko ausardia izan du; presioari eusteko balentria egin du eta benetako bake eszenatoki baterako urrats inportantea ematekoa. Hala ere, oraindik beste urrats batzuk ikusi beharko genituzke, baina hau ez da azken pausua, baizik eta beste askotarako lehendabizikoa", adierazi du.

Batasuneko Barrenak ere Espaniako gobernuburuaren jarrera aintzat hartzekoa dela azaldu du, baina, hala ere, nabarmendu du bakegintzarako fokoa ez dela Madrilen jarri behar Euskal Herrian baizik. "Atzoko bileraren formatoak ez dio erantzuten gako nagusiari: nahiz eta Madrilek zer jarrera hartzen duen garrantzitsua izan, une honetan eszenatoki berria irekitzeko fokoa Euskal Herrian dago eta ez Madrilen. Horrekin ez dut gutxietsi nahi sozialistek eszenatoki horretarako bidea jokatu behar duten rola, baina nire sutez etxean eta lau herrialdeei begira jokatu behar dute bai PSEk eta bai PSNk", adierazi du. Ildo horretatik, Barrenak nabarmendu du Euskal Herria sujetu politiko dela eta erabakitzeko eskubidea dutela aitortzen duten indarrek gehiengo osoa dutela Eusko Legebiltzarrean, eta gako horietatik abiatuta egin behar direla bake eszenatokirako urratsak.

Patxi Lopezen hautagaitza

Patxi Lopez sozialistak bere burua Jaurlaritzako lehendakari izateko aurkeztuko duela eta, irakurketa diferenteak egin dtuzte solasaldiko partaideek. EAJko Olanoren iduriko, adibidez, Moncloako bilerak adierazten duken "aro berriaren" kontra ko jarrera utzi du agerian Lopezen erabakiak; hau da, "iraganeko" dinamikei eustekoa. "Lopezen diskurtsoa eta hartu dituen azken erabakiak, tamalez, euskal politikagintzan orain arteko izandako tradizioari jarraitzen dio; norbere jarrerei eusteko bideari. Hori ez da ona", esan du, eta "epe laburreko jokaldia" dela gaineratu.

EAko Intxaurragaren arabera, berriz, PSE-EE barnera begira hartutako erabakia da Lopezena; hots, alderdi barruan bere indarra mantentzearren egindakoa. "Ez dut uste Lopezek egiazko aukerarik duenik lehendakaritza eskuratzeko. Alderdi barruan lidergoari eusteko egin du, baina gaizki ateraz gero porrotera eraman dezake", iritzi dio.

Batasuneko Barrenaren iritzian, ordea, "jokaldi inteligentea" da Lopezena, eta Eusko Legebiltzarrean babesen berdinketa irudika daitekeenez, euskal politikagintzan erabakigarri izateko indarra eman diezaiokeena. Gainera, hurrengo lehendakaria aukeratzeari dagokionez "eszenatoki guztiak" irekita daudela nabarmendu du Barrenak: "Ekainaren erdialdean-edo hasiko da lehendakariaren aukeraketa, eta ziurrenik berdinketa batekin hasiko da. Legebiltzarreko barne araudiaren arabera berdinketa horiek denboran luza daitezke, eta euskal politikagintzan sarritan gauzak oso azkar ibiltzen direnez, ez nuke leporik jokatuko inongo eszenatokirik ixten. Ibarretxerekin egon ginenean esan genuen bezala, guretzako inportantea ez da lehendakaria nor izango den. Guretzako lehentasuna ez da lehendakari abertzale bat izatea, hori oso argi dugu, baizik eta bakerako bidea sustatuko duen lehendakari bat izatea".

EBko Aranak, berriz, arrisku nabarmen bat ikusten dio Lopezen hautagaitzari, finean, berriro ere fronteen araberako politikagintzan abiatzea. "PPk bat egi dezake hautagaitza horrekin, eta berriro ere fronteen irudikapenean geundeke. PSE-PP frontea berreratuko litzateke, eta hori ez da ona".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.