1976ko uztailaren 21ean sortu zen Bergarako alkateen mugimendua. 67 alkatek eta ehunka hautetsik eta herritarrek bost aldarrikapen nagusirekin bat egin zuten:
- Nafarroaren parte-hartzea
- Euskararen ofizialtasuna
- Foruak
- Amnistia
- Estatutua
Mugimendu hura Frankismoa amaitu zenean sortu zen. Gainera, 1976an Foruen deuseztapenaren 100. urteurrena ospatzen zen.
Egun hura gogora ekarriz bildu dira gaur, oraingo Bergarako alkate Victoriano Gallastegi, Txema Urrutia idazlea eta mugimenduaren parte izan ziren hainbat alkate eta zinegotzi. “Garaihartan herriaren eskariak aldarrikatzeko” bildu zirela eta herriak bere babesa azaldu zuela adierazi du Urrutia idazleak. Mugimenduak arrakasta izan zuela esan du, “herria berarekin zegoelako”.
Alkate mugimenduko kideak izan ziren hainbat alkate bildu dira Bergaran gaur: Pablo Gorostiaga (Laudio), Patxi Basauri (Elgeta), Prudentzio Larrañaga (Legazpi), Iñaki Aristizabal (Oiartzun), Jose Luis Elkoro (Bergara), Jose Antonio Altuna (Arrasate), Juan Inazio Uria (Azkoitia), Jabier Errasti (Eskoriatza), J. Mari Kortabarria (Antzuola). Imanol Murua, Zarauzko zinegotzia, eta Luis Arkauz Oñatiko zinegotzia ere izan dira ekitaldian. Horiek ere mugimenduko partaideak izan ziren.
Elkoro garai hartako Bergarako alkateak eskerrak eman ditu eta garai hartan “herria bizirik” zegoela gogoratu du. Alkateen mugimendua herri mugimendutik sortu zela adierazi du.Herriaren nahia berreskuratzeko deia egin die politikoei Iñaki Aristizabal Oiartzungo orduko alkateak, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei euskal herritarren “duintasuna ez zapaltzeko eta Euskal Herriaren nahia errespetatzeko eskatu die. Bildutakoek esan dutenez, euren asmoak berdinak izaten segitzen dute eta helburu horien alde egiteko eskatu diete agintariei. Euren ustez bakea horien atzean dagoelako.
Azkoitiko alkate izandako Juan Inazio Uriak gaur egun “minak” badirauela esan du, nahiz eta aurrerapausuak eman diren. “Itxaropena” eta jarraitzeko bidea badaudela adierazi du Uriak.
EUSKAL HERRIA
Batasunerako deia egin dute Bergarako alkate mugimenduaren 30. urteurrenean
30 urte bete dira Bergarako alkate mugimendua sortu zenetik eta horren harira ekitaldi kultural eta instituzionala egin dute Bergarako udaletxe aurrean gaur. Ekitaldian euskal hautetsi guztiei batasunerako deia egin diete, eta alkate mugimenduak hasitako bideari jarraitzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu