KANTONAMENDU HAUTESKUNDEAK

Batera «erne» egonen da sostengua zeini adierazi erabakitzeko

Igandean besta izanen da Ezpeletan, lau aldarrikapenen inguruan

ENEKO BIDEGAIN
BAIONA
2004ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Batera-k hitzordua eman die martxoaren 21eko eta 28ko hauteskundeetako hautagaiei. Martxoaren 14an Ezpeletan zein hautagai izanen den «erne» begiratuko dute Batera-ko kideek, Jean-Noel Etxeberrik zehaztu zuenez. Egun osorako besta eta mobilizazioa iragarri dituzte. Batera-ren xedea hauteskunde kantonaletan «pisu bat» izatea da. Hautagaiei Batera-ren lau aldarrikapenak (departamendua, euskararen ofizialtasuna, berezko unibertsitatea eta laborantza ganbera) sostengatzea galdegiten diete. Hautesleei horren arabera bozka dezaten nahi du Batera-k, lehen itzulitik haste.

Bigarren itzulian ere eragina lortu nahi du. Departamenduaren aurka azaldu diren hautetsiei beren aulkia galaraztea da Batera-ren helburua, Etxeberrik azaldu zuen bezala. Bastidako kantonamenduko kontseilariaren jarrera kritikatu zuen. Jean Castaings departamenduaren aurka azaldu da. Bigarren itzulian hauteskundeak ez ditzan irabaz nahi du Batera-k.Martxoaren 14ko mezua Ipar Euskal Herriko arduradun politiko eta sozioekonomiko batzuei ere zuzendua izanen zaiela gehitu zuen Etxeberrik. «Batzuek ez dute jokatzen Euskal Herriaren interesen defendatzaile papera eta kontserbatismoari lotzen zaizkio tematurik», salatu zuen Batera-ko kideak. Garapen Kontseilutik Batera-ren aldeko kide batzuk kanporatu izana eman zuen adibide gisa.Baina igandeko mezua Nicolas Sarkozyri ere zuzendua izanen zaio. «Gaur egun, Sarkozy eta bere kabinetekoak bost dosierren inguruan erabakiak hartzen ari dira», zehaztu zuen Etxeberrik. «Erabaki horiek, alde batera edo bertzera, biziki garrantzitsuak izanen dira herri honen etorkizunerako». Horregatik berretsi zuen igandean Ezpeletan jende anitz joateko deialdia.

Bost lan talde

Sarkozyk bost lan talderen sortzeko eskatu zuen, bost gairen aztertzeko: «mugaz gaindikoa», unibertsitatea, laborantza, lurra eta euskara. Hautetsien Kontseiluaren inguruan sortu beharrak ziren talde horiek. Batera-k ere, bere baitan, bost lan talde sortu zituen, gai horietaz proposamenen aurkezteko. Duela hilabete bat igorri zituzten proposamenak Frantziako Barne ministeriora eta Hautetsien Kontseilura.

Ttitto Betbederrek euskararen atala aurkeztu zuen. «Lege babesa, baliabideak, tresna bat eta borondate politikoa» galdegin zituen hizkuntza politikaren alorrean. Irakaskuntza sailean botere publikoei «neurri zehatzak» hartzea galdegin zien. Interes Publikoko Elkargoari dagokionez, departamenduak hartuko badu hori bere gain, Ipar Euskal Herriko berezko egitura egokiagoa litzatekeela zehaztu zuen.Maryse Cachenautek laborantza ganberaren eskaria berretsi zuen. Lurraren eta bizilekuen gaia ere landu zuten. Unibertsitateari dagokionez, hastapenean Sarkozyk aipatu egitura ez dela «erantzun ona» ondorioztatu zuten. Unibertsitate teknologikoa proposatu zuten. «Mugaz gaindikoan» Garapen Kontseiluaren txostenarekin bat egin du Batera-k. Euskal departamenduaren eskaria ere berretsi zuen Batera-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.